- Save the Childrenek Barakaldo, Bilbo eta Gasteizko familia zaurgarrietako 300 haur eta neraberi baino gehiagori udalekuetan parte hatzeko aukera ematen die
Komunikabideetarako baliabideak: https://labur.eus/V63cv
Bilbo, 2022ko uztailak 1.- Save the Children hirietako udalekuei eta kanpamenduei ekin die estatuan, pobrezia-arriskuan edo gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden 2.000 haurri babesa emateko; Euskadin, 300 haur eta nerabe baino gehiago hartuko dira. Udalekuak ekainetik abuztura bitartean izango dira, eta erakundearen zentroetan nahiz gobernuz kanpoko erakunde honekin lankidetzan diharduten beste erakunde eta elkarteen guneetan izango dira. Gizarte- eta hezkuntza-arloetan garatzen diren jarduera horiek halako berme bat eskaintzen dute, baliabide gutxiagoko haurrek aukera berdinak izan ditzaten; gainera, udan desorekak areagotzea saihestu nahi da.
“Baliabide gutxiago dituzten haurrei zuzentzen dizkiegun udako programa hauek askotariko jarduerak biltzen dituzte barnean: irteera kulturalak, txangoak, sentsibilizazio-jarduerak, igerilekuetarako irteerak… Haurrek eta nerabeek uda sasoian libre duten denbora hau aisialdiko jardueren bidez modu osasungarrian erabil dezaten lortu nahi dugu. Familia askorentzat, aparteko euskarri hau funtsezkoa da beren seme-alabak atzean gera ez daitezen”, dio Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak.
Euskadin, 310 haur eta nerabe ari dira hiri-udalekuetan parte hartzen, bai Barakaldoko Haur eta Nerabeen Baliabide Zentroan (CRIA gaztelaniazko izenetik) eta bai Bilbon eta Gasteizen ere, Caja Vital erakundearen, Bakuva elkartearen eta Barakaldoko eta Gasteizko udalen babesari esker. Hiriko udaleku horiek 21 egunez izango dira batez beste, ekainaren 20tik uztailaren 22ra.
Zirkuaren inguruko gaiak aisialdi hezigarria sustatzeko
“Zirku moduko bat antolatzen ari gara, eta zirku horretarako prestatzeko, acrosport egiten dugu, edota magia, pailazo-ekintzak...”, azaldu digute Barakaldoko CRIAko (gaztelaniazko siglak) udalekuetan parte hartzen ari diren hiru lagunek, Ainarak, Thamarak eta Samanthak. “Dibertitzeko asmoz etorri naiz, eta jolas egiteko asmoz… Oso ondo pasatzen dut, horren gustuko ditudan jolasetan ibiliz”, esan du Aaronek, udalekuetan parte hartzen ari baita hura ere; erantsi du uda ez denean etxeko lanak egiten dituztela zentroan. “Ikasturtean zehar, jolasteaz gain, etxeko lanak egiten ditugu, eta orain, zirkua, eskulanak edota txangoak egiten ari gara”, azaldu du Egoitzek; haren anaiak, Izanek, hau erantsi du: “Oso gustuko dugu toki hau, eta etxean baino hobeto pasatzen dugu”.
“Toki bakoitzak bere programazioa du. Barakaldon, zirkua aukeratu dugu gaitzat aurten. Hezitzaileen taldean, halako ezaugarri batzuk hartu ditugu; mozorrotu egiten gara, photocallak ezarri ditugu… Haurrek hau guztia benetako zirku bat balitz bezala bizitzea lortu nahi genuen”, argitu digu Nekane Marañonek, Barakaldoko CRIAko jardueren koordinatzaileak.
Aisialdi hezigarriak duen garrantziaz jabetuta, Save the Childrenek gobernu, autonomia-erkidego, diputazio, udal eta gizarte-erakundeei zera eskatu nahi die: beren hezkuntza-eskaintza heda dezatela udan, gaitasunekin lotutako edukiak txerta ditzatela –barnean hartuta ikasleei gizarte-ikuspegitik, akademikoki eta lan-arloan garatzeko aukera emango dieten ezaguerak, prozedurak eta jarrerak–, eta maila sozioekonomiko txikiko familiei doan eskain diezaietela sarbidea.
estatuan
Aurtengo udan, 3 urtetik 17ra bitarteko 2.000 haur eta nerabek baino gehiagok parte hartuko dute hainbat jardueratan, toki hauetan: Sevillan (Andaluzia), Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen (Euskadi), Valentzian, Alacanten, Paternan eta Mislatan (Valentziako Erkidegoa), Illescasen (Gaztela-Mantxa), Madrilen eta Leganesen (Madrilgo Erkidegoan), Bartzelonan eta Canovellesen (Katalunia) eta Melillan. Uda sasoiko ekimen hauen bidez, elikadura-ohitura onak sustatzen jarraitzen du erakundeak, bai eta haur zaurgarrienei hezkuntza-esparruan laguntza eta babes emozionala ematen ere.
Estatuan, Save the Childrenen udako kanpaina La Caixa fundazioarekin lankidetzan gauzatzen da, CaixaProinfancia programaren esparruan; Espainiako hainbat tokitan egoera ahulenean dauden haurrak artatu nahi dira programa horren bidez. Horrez gain, haurren pobreziaren kontrako borrokan konpromisoa hartuta ari diren enpresen laguntza ere badu, hala nola Probitas fundaziorena, Lidlena eta IKEArena.
SAVE THE CHILDRENI BURUZ
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.
Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan eta batik bat pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.