- Eduki pornografikoak ikusten dituzten nerabeen erdia baino gehiago eduki horietan inspiratzen dira beren esperientzietan.
- 10 mutiletatik 9k ikusi du inoiz pornografia, eta nesken kasuan, berriz, erdiek.
- Euskadin, nerabeen % 64,3k informazio falta sumatzen du arlo sexual eta afektiboan.
- Euskadiko nerabeen % 80k baino gehiagok onartzen du pornografia indarkeriaren adierazle dela, eta ia % 60k onartzen du gizon-emakumeen artean ez dela berdintasunik. Dena den, hirutik batek nahiago ditu botere-hierarkia horiek.
Estatu mailako txostena: Sexu-(des)informazioa: pornografia eta nerabezaroa: https://bit.ly/33ABUmr
Euskadiko eranskina euskaraz: https://www.savethechildren.es/sites/default/files/2020-09/6.DesinformacionSexual_AnexoEUSKADI_CAS.pdf
Komunikabideetarako bideoak eta argazkiak: https://bit.ly/3fTRTRx
Madril/Bilbo, 2020ko irailaren 22a. Euskadin, nerabeek 12 urterekin ikusten dute pornografia lehen aldiz, eta 10etik ia zazpik (% 66,5) nahiko maiz gainera (azken 30 egunetan bilatu dute). 10 mutiletatik 9k ikusi dute inoiz pornografia, eta nesken kasuan, berriz, erdiek. Bi kasuetan, lehen konkatuta parekoen taldearen bidez izan dute: lagunen batek gailuren batean erakutsi diete, edo horretaz hitz egin die, eta, gero, beraiek bilatu dute. Kontsumo hori intimitatean egiten dute normalean (% 90,2), sakelako telefonoan, eta sareko edukiak dira, doakoak (% 98,5), kasu gehienetan indarkerian eta harreman desorekatuetan oinarritutakoak. Inork ez ditu ikusi bikotekidearekin, eta erdiek baino gehiagok uste dute eren kontsumoa arduratsua dela.
Horixe ondorioztatu daiteke nerabeek sexu-edukietan duten kontsumoa eta horiek beren harremanetan eta garapenean duten eragina aztertzeko Save the Childrenek egin duen txostenean: Sexu-(des)informazioa: pornografia eta nerabezaroa. Gaia aztertzeaz gain, hainbat gomendio ematen zaizkie txostenean familiei, hezkuntzako eta osasuneko profesionalei eta nerabeei eurei, sexualitateaz eta gaia jorratzeko moduaz. Aldi berean, erakundeak gurasoei zuzendutako gida espezifikoa garatu du.
Estatuko 1.753 neska-mutilek (13 urtetik 18ra bitartekoak) hartu dute parte txostenean; inkestari erantzuteaz gain, zenbait lantegitan ere parte hartu dute. Euskadin bertan 267 neraberekin egindako lantegiei buruzko datuak islatzen ditu Euskadiko txostenak.
Azterlanean jasotzen denez, neska-mutilen taldeko harremanak funtsezkoak dira kontsumoari ekiteko: Estatuan, % 51,2k lagunen artean WhatsApp bidez edo sare sozialetan argazkiak edo bideoak partekatuz jotzen du pornografiara. Baina beste errealitate batzuk ere badira: % 28,5en kasuan (mutilak dira gehienak), lehen kontaktua bilaketa aktibo baten emaitza da; % 17,4ren kasuan, berriz (neskak dira gehienak), ezustean egin dute topo halako edukiekin, Interneten nabigatzen ari ziren bitartean.
Azterketak agerian jarri du, gainera, Euskadin nerabeen % 52,2k (mutilek batez ere) uste duela pornografiak ideia berriak dakarzkiela beren sexu-esperientziei, eta % 54,9ri ikusitakoa praktikan jartzea gustatuko litzaioke. Eduki pornografikoak ikusten dituzten nerabeen % 13,9k praktikan jarri dute eszenaren bat. Azken puntu horrekin lotuta, kezkagarria da oso, Save the Childrenen ustez, honako kontu hau: ikusten dutena imitatzen ahalegintzen direnean, ez diote baimena eskatzen beti beren bikotekideari aurrez. Euskadin, 10etik ia batek berariaz bikotekidearen baimena izan gabe egin du, eta % 4,3ri ez zitzaion ondo iruditu.
Azterketa generoaren eta aniztasunaren ikuspegitik egin da, besteak beste, kontsumoa eta ikusitakoaz duten pertzepzioa generoaren edo gustu sexualen arabera aldatzen diren jakiteko edota LGTBI kolektiboa ordezkatuta dagoela uste duten jakiteko.
Alde nabarmenak erakutsi ditu txostenak generoaren eta sexu-orientazioaren arabera. Esate baterako, Euskadiko mutilen % 90,4k dio ikusi duela inoiz pornografia; nesken kasuan, ehunekoa, aldiz, % 51,4koa da. Ia egunero ikusten dute mutilek, eta neskek, astean edo hilean behin. Mutilen kasuan, lehen aldiz bilaketa aktibo baten ondoren edo iniziazio-erritu moduko baten bidez jo zuten eduki pornografikoetara. Nesken artean, ezustean aurkitzen dituzte gehienetan horrelako edukiak, eta ezezagunengandik horrelako edukiak jasotzeko arrisku handiagoa dute. Mutilek “instintuzko beharrak” asetzeko kontsumitzen dute, eta neskek, berriz, eurengandik zer espero den ikasteko.
Afektibitate- eta sexu-hezkuntza
Txostenean aztertu diren bost autonomia-erkidegoen artetik, Euskadiko nerabeak dira sexualitateari buruzko prestakuntza-ordu gehien jaso dituztenak, eurek diotenez; inkestari erantzun dioten erdiek baino gehiagok azken bi urtean 9 prestakuntza-ordu baino gehiago jaso dituztela diote. Dena den, nerabeen % 64,3k informazio falta sumatzen du arlo sexual eta afektiboan.
“Curriculumean afektibitate- eta sexu-hezkuntza txertatu gabe eta aukera ugariz jositako mundu teknologiko honetan, sexualitateko irakasle eta aholkulari bihurtu da pornografia nerabeentzat. Arriskua ez datza pornografia ikustean, beren sexu-desira oinarri irrealen, indarkeriaren eta desberdintasunen gainean eraikitzean baizik; beren baimena, desirak eta nahiak edo besteenak ez dituztela zertan kontuan hartu pentsatzera irits daitezke”, dio Charo Arranzek, Save the Childrenen Euskadiko zuzendariak.
Afektibitate- eta sexu-hezkuntzako zenbait programa lantzen ari dira Euskadin, jardunbide egokiak jorratzeko baliagarriak direnak, baina horien irismena mugatua eta heterogeneoa da, ez baitira nahitaez jorratu beharrekoak eta ez baitaude araututa. “Funtsezkoa da Euskadiko haur eta nerabeek hezkuntza hau jasotzeko duten eskubidea bermatzea, modu arautu eta egoki batean eta adin goiztiarretatik”, dio Arranzek.
Praktika kaltegarriak, indarkeria eta desberdintasuna
Ikusten duten horretan ea indarkeriarik, desberdintasunik edo praktika arriskutsurik sumatzen duten galdetu die nerabeei Save the Childrenek. Azterketak dioenez, Euskadiko nerabeen ehuneko handi bat gai da horiek guztiak sumatzeko pornografian; adibidez, indarkeria (% 81,2) edo gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza (ia % 60). Ildo horretatik, gizon-emakumeak hierarkiarik gabe erakusten dituzten bideoak nahiago dituzte gehienek. Dena den, 6tik ia batek ez du alderik ikusten eszenetako fikzioaren eta norberaren sexu-esperientzien artean, eta 3tik batek nahiago ditu botere-hierarkiak erakusten dituzten bideoak.
Hori guztia errealitatera nola iragaten den aztertu du erakundeak, eta, gai horrekin lotuta, ikusi du % 41,8k ez dituela beti babes-neurriak erabiltzen, eta % 12,5ek ez dituela inoiz edo ia inoiz erabiltzen. Gainera, pornografia ikusi dutenetatik % 9,5ek kontaktua izan du behin bederen pertsona ezezagun batekin sexu-kontuetarako, Internet bidez. Jokaera horiek pornografia kontsumoari zuzenean erantzun behar ez dioten arren, gobernuz kanpoko erakundeak jokabide kezkagarriak direla uste du, izan ere, online indarkeria jasateko arrisku handia izan dezakete, fisikoa bezain erreala eta kaltegarria izan daiteke eta, ondorioz, benetako topaketa, adingabeek tratu txarrak edo sexu erasoak eragin ditzakete, sexu bidezko infekzioak eta nahigabeko haurdunaldia sortuz.
Indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak erabat babesteko Legea
Sexu-(des)informazioa: pornografia eta nerabezaroa txostenean jasotako datuen arabera, Save the Childrenek gogorarazi du garrantzitsua dela Kongresuak lehenbailehen izapidetzea Indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak erabat babesteko Lege Organikoa. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio onar dezala Haurren eta nerabeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko eta arreta emateko estrategia Euskadin, legea Euskadira ekartzeko.
Lege horrek prebentzio-ikuspegi handia du, eta irakaskuntza arautuaren zeharkako printzipio gisa txertatzen du hezkuntza afektibo-sexuala; hala, ikasleek indarkeria edo abusua hautemateko gai izateko beharrezkoak diren kontzeptuak ikasiko lituzkete ikasgelan, haien hezkuntza-etapari egokituta, betiere: adostasuna, gorputzaren autonomia, emozioen garapena edo berdintasunezko harremanen sorrera. Bestalde, indarkeriari aurrea hartzeko eta haurrak eta nerabeak ahalduntzeko sentsibilizazio-kanpainak ere jasotzen ditu legeak, hezkuntza afektibo-sexualari eta genero-berdintasunean hezteari dagokienez.
Prestakuntza horrekin batera, Save the Childrenen ustez, herritartasun digitalean hezi beharko lirateke ikasleak, nerabeek beren bizitzako arlo nagusiak erabiltzen jakin dezaten. “Hezkuntza afektiboa eta sexuala eta Interneten erabilera segurua eta arduratsua modu egokian sustatu gabe, arrisku-egoerak eta jokabideak areagotu egiten dira. Jasotzen duten informazioaren, ikusten dutenaren eta partekatzen dutenaren aurrean jarrera kritikoa izatea da tresnarik onena, eta bizitza osoan izango dute bidelagun”, dio Arranzek.
Familiei eta hezkuntzaren eta osasunaren arloetako profesionalei nahiz nerabeei beraiei laguntzeko, Save the Childrenek hainbat gomendio jaso ditu txostenean, errealitate berri honi aurre egiteko. Azterketarekin batera, gurasoentzako berariazko gida bat ere prestatu du Save the Childrenek, eta, gida horretan, beren seme-alaben sexualitatea nola jorratu azaltzen zaie.
Azkenik, Save the Childrenek Administrazioaren eta Interneteko plataformen arteko lankidetza eskatu du, eduki pornografikorako sarbidea arautzeko mekanismoak ezar ditzaten, hala, adingabeek pornografia eskuratzeko aukerarik ez dutela ziurtatzeko. Plataforma horiek kontzientziatu egin behar dute eta arduraz jokatu behar dute, eta, edukia adingabeentzako egokia ez bada, ziurtatu behar dute 18 urtetik beherakoei sartzeko baimena ez zaiela emango. Indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak erabat babesteko Lege Organikoak Interneten eduki positiboak sustatzeari ere ekin nahi dio, eta zerbitzu eta eduki horiek eskaintzen dituztenekin lankidetzan aritu nahi du, kaltegarriak izan daitezkeen edukien aurrean haurrak babesteko.
Save the Children urteak daramatza lanean legearen onarpena lortzeko eta milioi erdi sinadura lortzea du helburu, Gobernuak eta talde politiko ezberdinek Espainian haurren aurkako indarkeriaren gaitz sozialarekin amaitzearen garrantziaz jabetzeko.
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean.
Espainian, duela 20 urtetik baino gehiagotik ari da lanean, haur ahulenak artatzeko programekin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Euskadin 15 urtetik ari da arreta integrala eskaintzen haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasun mailarik handiena lortu ahal izatea.
Informazio gehiago:
Marta García Terán, Komunikazioa Euskadin: marta.garcia@savethechildren.org