Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da Euskal Herrian. Save the Children elkarteak modu berezian ospatu nahi du egun hori, euskara ezagutu eta sendotzeko jolasak eta dinamikak eginez haurrekin. Horrelako jarduerek euskal gizarteari buruzko ezagutza errazten eta zabaltzen dute; izan ere, ingurune horretan garatzen eta hazten dira haurrak, eta hor garatzen dituzte beren ikasketak ere.
Euskara funtsezko eta ezinbesteko tresna da Euskal Herrian. Beste hizkuntza bat jakiteak mugak zabaltzen dizkie, eta ezagutza eta komunikazio-gaitasun handiagoa ematen die etorkizunari begira. Egun honek gure hizkuntza eta kultura balioesten ditu, eta euskara zaindu eta zabaltzeak duen garrantzia azpimarratzen du. Horregatik, gure haurrei zuzendutako euskara-eskolak dira gure programetako hezkuntza-errefortzuaren oinarrietako bat.
Euskara-eskolak
Save the Childreneko kideok pentsatzen dugu hizkuntza nortasunaren ezaugarri bat dela, bai eta gizarteratzeko funtsezko giltzarria ere. Laboral Kutxaren eta Mondragon Linguaren lankidetzari esker, lau ikasturte daramatzagu euskarazko hezkuntza-errefortzuaren bidez haurrei arreta eskaintzen Bilbon eta Gasteizen, Haurren Pobreziari aurre egiteko Programaren barruan.
Hasieratik, eskolak arrakastatsuak izan dira parte-hartzearen eta hezkuntza-garapenaren aldetik: 6 urtetik 12 urtera bitarteko 130 haur baino gehiagori eman zaie arreta.
Lankidetza horri esker, erakundeek 2030 Agendari laguntzen diote, mundu mailan garapen iraunkorrerako aurreikusitako hainbat helbururi, hala nola hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea, pobrezia desagerraraztea eta pertsona guztien gizarteratze sozial, ekonomiko eta politikoa sustatzea.
Ikasteko, sortzeko, bizitzeko eta sentitzeko modu bat da euskara, harremanak izateko eta hazteko modu bat da, eta horrelako ekimenen bidez indartu dezakegu hori.