Komunikabideetarako materialak: https://bit.ly/3qp0Mbv
Bilbao, 2021eko ekainak 25. Save the Childrenek udako kanpalekuak hasiko ditu Euskadin, eta, hoien bidez, babesa eskainiko die koronabirusaren krisi ekonomiko eta sozialak kaltetutako 300 haur baino gehiagori. Antolakundeak udako ekintza horiek bultzatzen jarraitzen du, haur ahulenei elikadura, hezkuntza-errefortzua eta laguntza emozionala emateko, bai eta haurren artean kirol-jarduerak eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko ere, Covid-19k ikasgeletan eragindako murrizketek markatutako ikasturte akademiko baten ondoren. SAVE the Childrenentzat funtsezkoa da ikasle behartsuenek laguntza eta esku-hartzea jasotzen jarraitzea udan. Horrela, baliabide gutxien dituzten adingabeei atzean gera ez daitezen aukera berdinak bermatzen dizkie erakundeak.
"Uda garaia bereziki zaila da haurrentzat eta familia ahulentzat, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa pairatzen ari baitira gehien", azaldu du Charo Arranzek, Euskadiko SAVE the Children erakundeko zuzendariak. "Udalekuek elikadura egokia eskaintzen diete umeei denbora gehiagoz, aisialdiko eta denbora libreko jarduerak egiten dituzte, eta, gainera, hezkuntza-errefortzua egiten dute beharrezkoa den lekuetan", gaineratu du Arranzek.
Ikasturtean zehar, Save the Children-ek batez beste 500 haur artatzen ditu Euskadin. Uda honetan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrekin jarduerak egingo dira interbentzioa burutzen den hiru udalerrietan: Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen.
Barakaldoko Save the Children udalekuak abian dira dagoeneko, eta BBKren laguntzari esker dira posible, bi erakundeek batera garatzen duten Haurren Pobreziaren aurkako Programaren bidez. Jarduerak CRIA BBK-Save The Children Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroan egiten dira. Zentro hori 2019. urtearen amaieran inauguratu zen, eta Barakaldoko Udalak lagatzen du. Jarduerak ekainaren 21ean hasi ziren, eta uztailaren 15era arte iraungo dute; 6 eta 12 urte bitarteko 64 neska-mutilek parte hartzen dute, pobrezia eta bazterketa arriskuan, Ezkerraldean. Adingabe horiek modu ludikoan ikasiko dute, jolasen, tailerren eta jardueren bidez, hala nola gizabanakoak gizartera eta gizarteak mundura egindako bidaiaren bidez.
Bakuva Elkartearekin batera, Bilboko kanpamentuak ere martxan jarri dituzte aste honetan. Udaleku hauetan 7 eta 14 urte bitarteko 130 haurrek hartuko dute parte Bakuva ikastetxean eta Miribillako HLHIan.
Halaber, Save the Childrenek laguntza eskainiko die Gasteizen pobrezia eta bazterketa arriskuan dauden 128 umeri. Hiri-kolonia horiek Gasteizko Udalarekin koordinatuta egiten dira, eta ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean egingo dira, Landazuri Ikastola LHIn eta Gasteizko Santa Maria LHIn.
"Udaleku horietan, haur horiek heziko ditugu aisialdia eta denbora librea modu eraikitzailean erabil ditzaten eta, aldi berean, motibazioak eta interesak ase ditzaten; aisialdiko eta denbora libreko hezkuntza-aukera bat eskainiko diegu, ikaskuntzak, ezagutzak eta gaitasunak bereganatzea sustatzen dugun bitartean; gizarteratzea erraztuko duten balioak, jarrerak eta trebetasunak garatuko ditugu eta komunitatearekin elkartzeko espazioak erraztuko ditugu, besteak beste”, adierazten du Arranzek. Bai erakundeko langileek bai haurrek kutsadurak prebenitzeko behar diren osasun-baliabideak izango dituzte, hala nola maskara eta gel desinfektatzaileak, haurrentzako espazio seguruak mantentzeko.
Aisialdi hezitzaile horren garrantzia dela eta, Save the Childrenek Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei eskatu die udan hezkuntza-eskaintza zabaltzeko, eskumen-edukia txertatzeko, kalitatezko aisialdiarekin batera, eta maila sozioekonomiko baxuko familien doako sarbideari lehentasuna emateko.
Save the Childrenen udako kanpaina Andaluzian, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Valentziako Erkidegoan, Madrilgo Erkidegoan eta Melillan ere egiten da, eta, guztira, 2.500 haur baino gehiago daude egoera ahulean.
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.
Espainian, 20 urte baino gehiago daramatza haur zaurgarrienei zuzendutako arreta-programak lantzen, pobrezia-arriskuan eta gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden haurrak oinarri hartuta. Espainian lantzen ari den programen bidez, arreta integrala eskaintzen die haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasunak ahalik eta gehien lortzea eragotz ez diezaien.