Salerosketaren hiru biktimatik bi neska eta emakumeak dira Europar Batasunean

  • Uztailaren 30ean Pertsonen Salerosketaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. 

  • Save the Childrenek Europar Batasuneko egoera kezkagarria azpimarratu du, biktima gehienak neskak eta emakumeak baitira, gero eta desberdintasun sozioekonomiko handiagoak, gatazkek eta larrialdi klimatikoek bultzatuta.  

Irun

 

Bilbon, 2024ko uztailaren 30ean. Urtero 7.000 biktima baino gehiago erregistratzen dira Europar Batasunean. 2021ean, Eurostatek jakinarazi zuen %10 igo zela biktimen detekzioa aurreko urtearekin alderatuta, eta 7.155 biktima izan zirela. Gehienak (%68) emakumeak eta neskak ziren, eta sexu esplotazioa zen salerosketa modu nagusia (%56). Save the Childrenek azpimarratu duenez, zifra horiek ez dira errealitatearen adierazgarri eta icebergaren punta baino ez dira. NBEren kalkuluen arabera, haurrak identifikatutako biktimen herena dira, eta hiru adingabe biktimatik bi neskak dira eta bat mutila da. Salerosketa ikusezin bihurtutako fenomenoa da oraindik ere, eta, horregatik, beharrezkoa da detekzio-mekanismoak hobetzea. 

Save the Children-ek harrera, babes eta inklusio ikuspegi bat sustatzen du, Espainiara iristen den haur eta gazte migratzaile bakoitzaren behar eta esperientzia bakarrak kontuan hartuko dituena. Hezkuntza, prestakuntza eta parte-hartzea funtsezkoak dira integraziorako, eta garapenerako eta autonomiarako beharrezkoak diren tresnak ematen dituzte. 

“Migratzaileek aurre egin behar dioten arriskuetako bat da beren kalteberatasun ekonomikoko edo bazterketa egoera ustiatzen duten salerosketa-sareetan erortzea. Horien artean, haurrak eta emakumeak bereziki zaurgarriak dira, kolektibo horiei eragiten dieten botere- eta abusu-dinamiken ondorioz”, azaldu du Barbara Gonzalez del Riok, Save the Childreneko migrazio-adituak. 

2023an, Espainian, gizakien salerosketaren eta esplotazioaren 1.446 biktima identifikatu zituzten, eta horietatik 18 adingabeak ziren. Identifikatutako biktimen erdiak baino gehiago emakumeak ziren (%56), gehienbat Kolonbiakoak sexu arloan eta Marokokoak lan arloan. Espainia haurren igarotze- eta helmuga-herrialdea da oraindik ere, bereziki, sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren neskatoen kasuan. 

Funtsezkoa da herri-administrazioek salerosketa-zantzu eta -seinale horien detekzio proaktiboa hobetzea igarotze- eta iriste-puntu guztietan. Lurraldearen sarrerak eta mugako pasabideek gizakien salerosketaren biktima izan daitezkeenak identifikatu eta babesteko aukera paregabea eskaintzen dute, baita biktima horiek babesteko beharrei erantzungo dieten zerbitzu eta baliabideetara bideratzeko ere. Funtsezkoa da adingabeen salerosketaren biktimen identifikazioen kopurua handitzea, oso gutxi aurkeztu baitira, eta, bereziki, haurrena eta mutilena, are gehiago geratzen baitira radarretik kanpo. Gainera, helduarora igarotzean laguntza egokia ematea erabakigarria izango da haien etorkizunerako. 

“Beharrezkoa da konfiantzazko lotura bat ezartzea, ahal bada bere ama-hizkuntzan; komunikazioa bere gaitasunetara eta garapen-mailara egokitzea, eta akonpainamenduan kultura- eta genero-alderdiak kontuan hartzea”, gaineratu du Gonzalez del Riok. 

Save the Childrenek espero du etorkizuneko salerosketaren legeak modu espezifikoan jasotzea haurtzaroaren eta nerabezaroaren ikuspegia, bai mutilak bai neskak barne hartuta, baita biktima izan daitezkeen salerosketa modu desberdinak ere. Gainera, baliabide espezializatuak ezarri behar dira autonomia-erkidego guztietan, salerosketaren biktima diren adingabeei arreta eta babesa emateko, baita babesgabezia-egoeran daudenei eta senideren baten laguntzarik ez dutenei ere. 

E.V.A., salerosketaren aurka borrokatzeko proiektu europarra 

2023ko apirilean, Save the Children-ek, beste 6 gizarte-erakunderekin batera, “Mugako Testuinguruetan Salerosketaren Biktimak Goiz Detektatzeko eta Babesteko” proiektua jarri zuen martxan (Early identification and protection of Victims of trafficking in border Areas, E.V.A. proiektua). Helburua da salerosketa arriskuan dauden 30 urte arteko haur, gazte eta emakumeak goiz detektatzea eta babestea. Asilo, Migrazio eta Integraziorako Europako Funtsak (AMIF) finantzatzen du proiektua, eta Espainiako (Irun, Euskal Herria), Italiako (Ventiglimia) eta Frantziako (Provence-Alpes-Côte d’Azur, Paris eta Nimes) mugetan garatzen da. 

2023ko urritik 2024ko ekainera arte, E.V.A. bidean zeuden 530 pertsonekin harremanetan jarri da, adingabeak eta emakumeak barne. Pertsona horietatik, 126 salerosketaren biktima izan zitezkeela identifikatu zuten, eta 45ek salerosketaren biktima izan zirela aitortu zuten. 

Proiektuaren funtsezko alderdietako bat prestakuntza espezializatuak ezartzea eta sareko lana sustatzea da. Prestakuntza horiek erakunde publikoetako profesionalak salerosketa-adierazleak identifikatzen eta horien aurrean jarduten gaitzeko diseinatuta daude, baliabide egokietara bideratzea errazteko eta kasuen kudeaketa eraginkorra sustatzeko maila nazionalean, tokian tokikoan eta nazioz gainekoan. 

Save the Childreni buruz  

Save the Children mundu osoko haurren eskubideen defentsan liderra den erakunde independentea da. 100 urte baino gehiago daramatza lanean haur guztiak bizirik, ikasten eta babestuta daudela ziurtatzeko. Gaur egun, erakundeak 115 herrialde baino gehiagotan jarduten du, eta Euskadin duela 20 urtetik dago. Eragin politiko eta sozialeko jarduera handia egiten du, eta hezkuntza-laguntza eta aisialdiko eta denbora libreko jarduerak eskaintzen dizkie pobreziako edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden 600 haur baino gehiagori Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen. Duela gutxi, salerosketa detektatzeko eta prebenitzeko zentro bat ireki du Irunen.  

Espainian 30 urte baino gehiago daramatza haur ahulenei arreta emateko programetan. Espainian dituzten programen bidez, arreta integrala ematen diete haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta ahalik eta gaitasun gehien lortzea.