- Euskadin, 18 urtetik beherakoen % 26,7 pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dago
- Erakundeak ohartarazi du pandemiak nabarmen okertu duela familia ahulenen egoera, eta urte honen amaieran haurren % 33k pobrezia-egoera izan dezakeela.
Komunikabideetarako baliabideak (bideoak eta argazkiak): https://bit.ly/3dF1onn
Bilbo, 2020ko urriaren 16a. Larunbat honetan ospatuko da Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, eta, horren testuinguruaren barnean, Save the Childrenek gogorarazi du Espainian 18 urtetik beherakoen % 27,4, hau da, 2,1 milioi haur baino gehiago, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudela. Erakundeak azaldu duenez, Estatistikako Institutu Nazionalaren Bizi Baldintzei buruzko Inkestako (2019) zifra kezkagarri horiek ez dute pandemiak familia ahulenetan duen eragina islatzen, eta ohartarazi du haurren pobrezia areagotu egingo dela COVID-19aren erruz.
Save the Childrenen ustez, neurri egokiak hartu ezean, haurren % 33k pobrezia-egoera paira dezake urte honen amaieran, eta nabarmendu du adingabeak ardurapean dituzten familiek jasango dituztela gehien krisi ekonomikoaren ondorioak. Adibidez, erakundeak kalkulatu du guraso bakarreko familien pobrezia-arriskua % 41,1etik % 48ra igoko dela COVID-19aren erruz; gainera, kontuan hartu behar da guraso bakarreko familia gehienetako burua emakumea dela.
Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuek, 2020ko bigarren hiruhilekoari buruzkoek, Save the Childrenen estimazioak berresten dituzte: gutxienez adingabe bat ardurapean duten eta diru-sarrerarik ez duten familien kopurua % 35 igo da aurtengo lehen eta bigarren hiruhilekoen artean; hau da, 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoetan diru-sarrerarik izan ez duten lau familietatik batek, gutxienez, adingabe bat zuen ardurapean.
“Pobrezia pairatzeko arriskua ez da berdina guztiontzat. Premia handiena duten familien artean desoreka eta pobrezia murrizteko premiazko neurriak hartzen ez baditugu, belaunaldi oso bat atzean uzteko arriskua dugu. Espainian haurren garapenari eta ongizateari hainbeste eragiten dion gaitz horrekin amaitzeko, Estatu eta Europa mailan jardun behar dugu”, esan du Andres Condek.
Save the Childrenen azken inkestaren arabera, baliabide gutxiko familiak ari dira pandemiaren ondorioak gehien pairatzen: familia horien diru-sarrerak % 31 murriztu dira, eta, batez beste, 6.942 euroko diru-sarrerak dituzte urtean. Erakundeak azpimarratu duenez, larrialdiaren aurretik, inkestari erantzun zioten familiek, batez beste, 10.143 euro irabazten zituzten urtean, eta horrek pobreziaren mugaren azpitik kokatzen zituen jada. Pandemia hasi eta hiru hilabetera, % 32k lana galdu zuen, eta, lan-egoera aldatu ez zaienen artean, % 62k ez zuen lanik aurretik ere.
COVID-19aren krisi ekonomikoari aurre egiteko egiten diren politikek haurtzaroaren ikuspegia izatea eskatu du Save the Childrenek. Alde horretatik, GKEak salatu du Espainiak BPGren % 1,3 soilik inbertitzen duela familia-prestazioetan, ELGAko herrialdeen batez bestekoaren azpitik (% 2,4), eta zalantzan jarri du familia ahulenei ematen zaizkien laguntzen eraginkortasuna: orain arte hartutako neurriek haurren pobrezia-mailak ehuneko 3,3 puntu soilik murriztu dituzte, laguntzak jaso aurreko eta ondorengo pobrezia-tasak alderatzen direnean.
Save the Childrenek gogorarazi du, gainera, haur bat baldintza duinetan hazteko gutxieneko kostua hilean 480 €-tik 590 €-ra artekoa dela, eta kopuru horiek onartezinak direla familia askorentzat egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan. Familia ahulenei laguntzeko, erakundeak eskatu du ardurapeko seme-alabengatiko prestazioari eusteko bizitzeko gutxieneko diru-sarrerekin (BSE) nahikoa ez duten haurren kasuan, eta prestazio hori pixkanaka handitzeko, hilean 100 eurora iritsi arte. Ildo beretik, Save the Childrenek gogorarazi du ardurapeko seme-alabengatiko egungo prestazioa hilean 28,41 eurokoa dela adingabe bakoitzeko (% 15 baino ez da handitzen gehitzen den seme-alaba bakoitzeko).
Autonomia-erkidegoetako errentak berriro konfiguratzeko eskatu du erakundeak, seme-alabak ardurapean dituzten familiei laguntza eman diezaieten, baldin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarik ez badute, bai eta pobrezia-egoera larrian dauden eta seme-alabak dituzten familientzako prestazioaren zenbatekoa handitzeko ere. Era berean, Save the Childrenen ustez, gaur egungo bizitzeko gutxieneko diru-sarreren prestazioak hobetzeko tarte handia ematen du pobreziaren aurka borrokatzeko helburuari dagokionez. GKEaren ustez, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak eskuratzeko muga pixkanaka handitu beharko litzateke, egungo urteko 5.538 eurotik 9.009 eurora, hala, familia guztiek pobreziaren atalasearen pareko gutxieneko diru-sarrerak izan ditzaten Espainian.
“Ardurapeko seme-alabengatiko prestazioa eta antzeko laguntzak ez dira soilik justizia sozialarekin lotzen, baita eraginkortasunarekin ere; izan ere, milaka familiei aurrera egiten lagun diezaiekete. Espainian haurrek pairatzen duten pobrezia desagertzea nahi badugu, kostu horiek inbertsioaren arabera balioetsi behar ditugu, eta ez gastuaren arabera, eta kontuan izan behar dugu haurren pobreziak 5 puntu inguruko kostua duela gure BPGrekiko”, adierazi du Condek.
Egoera okerrena duten familiei laguntzeko, Save the Childrenek ‘Zure ondoan’ (A tu lado) programa jarri zuen martxan Espainian larrialdia hasi zenetik, eta 2.000 familiari baino gehiagori erantzun die, hala nola Patriciaren familiari, ardurapean 10 eta 11 urteko bi adingabe dituenari. “Nire senarra langabezian dago urtarriletik, eta orain zama guztia nire gain dago. Nire kontratua asteburuetakoa eta jaiegunetakoa baino ez da, astean 15 ordukoa. Nire etxean, 450 euro baino ez dira sartzen hilean. Oso une zailak igaro ditugu konfinamenduan”, azaldu du emakumeak.
Une honetan, Save the Childrenek laguntza psikologikoa eta eskudirua zuzenean ematen jarraitzen du pobrezia-egoera bizi duten etxeetan, seme-alabentzat elikagaiak eta lehen premiako ondasunak eros ditzaten.
Euskadin
Bizi-baldintzei buruzko Inkestaren (2019) datuen arabera, Euskadin 18 urtetik beherakoen % 26,7 –92.177 haur eta nerabe– pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dago, helduen pobrezia-tasa baino 7 puntu gorago.
Save the Childrenen arabera, seme-alabak izatea pobrezia-arriskuko faktorea da Euskadin, batez ere guraso bakarreko familientzat, eta kontuan hartu behar da horietako gehienetan emakumeak direla buruak. Emakume horien % 55 pobrezia-egoeran bizi da, BBI inkestaren arabera; hau da, 2018an baino % 1,4 familia gehiago, eta dagoeneko 41.924 familia dira. Seme-alaba bat edo gehiago dituzten bi pertsona helduren familietan handitu zen gehien pobrezia 2019an. 10etik ia 4 pobrezia-egoeran bizi dira, eta aurreko urteko tasa baino 6,5 puntu gorago dago hori; hau da, 2018an baino 50.191 pertsona gehiago dira.
Gainera, pandemiak eragindako krisi ekonomikoak zuzenean eragin die haurrak ardurapean dituzten familiei, % 24,2k ezin baitituzte ezusteko gastuak ordaindu. Larrialdiaren aurretik artatzen genituen familien % 60,5en lan-egoera aldatu egin zen konfinamenduaren lehen astean, eta Euskadiko langabezia-tasa % 10,8koa da, 2020ko lehen hiruhilekoan baino 0,9 puntu handiagoa (EUSTAT).
Save the Childrenek gogorarazi du Euskadin hazkuntzaren kostua Estatuko batez bestekoa baino handiagoa dela, hilean 615 eurokoa, batez beste, ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, eta adinarekin batera gora egiten duela: 551 € hileko, gutxienez, 0 urtetik 3 urtera artean, eta 714 € hileko, gutxienez, 13 urtetik 17 urtera artean.
Save the Childrenen “Haurren pobreziari eta haurren kontrako indarkeriari buruzko pertzepzioa“ inkestaren arabera (aurtengo uztailean argitaratu zen), 10 euskal herritarretatik 9k uste du haur-pobreziak lehentasuna izan behar duela Eusko Jaurlaritza berriarentzat, eta euskal herritarren % 62,6k uste du arazo hori oso edo nahiko garrantzitsua dela Euskadin. Era berean, bi euskal herritarretatik 1ek adierazi du zerga gehiago ordainduko lituzkeela zerga horiek zuzenean haurren pobrezia desagerrarazteko erabiliko balira, eta 10 pertsonatatik ia 4k uste du Eusko Jaurlaritzak askoz gehiago egin dezakeela haur-pobrezia desagerrarazteko eta hezkuntza-sistemako aukera-berdintasuna sustatzeko politika publikoen arloan.
Save the Children-ek gogoratu du DSBEren erreforma premiazkoa dela oraindik babesa hobetzeko eta seme-alabak ardurapean dituzten familientzako kopuruak handitzeko, batez ere monomarentalentzako, eta legegintzaldi honetan onartutako lehen neurrietako bat izan beharko litzatekeela uste du. Erakundearen proposamenen artean 120 € kobratuko dituen seme-alabentzako osagarria dago, pobreziaren eragina ahulen duten familiengan pobreziaren eragina murrizten lagunduko lukeena.
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean.
Espainian, duela 20 urtetik baino gehiagotik ari da lanean, haur ahulenak artatzeko programekin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Euskadin 15 urtetik ari da arreta integrala eskaintzen haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasun mailarik handiena lortu ahal izatea.
Informazio gehiago:
Marta García Terán, Komunikazioa Euskadin: marta.garcia@savethechildren.org