Otsailaren 6an, goizaldean, 7,8 graduko lurrikara batek Turkia hegoaldeko hamar probintzia astindu zituen, eta Siriako lur eremu zabalak suntsitu; ia lehenengoa bezain indartsua zen beste lurrikara batek jarraitu zion atzetik.
Milaka eta milaka herritar etxerik gabe utzi ditu lurrikara suntsitzaileak, negu gordinean, eta jendeak lehendik zituen behar larriak areagotu ditu horrek. Lurrikarak ondorio fisiko eta psikologikoak eragin dizkie pertsonei, are gehiago haurrei, eta, horrez gain, ondorio humanitario larriak sortu ditu, jada krisian zeuden inguruetan gertatu denez; izan ere, kontuan hartu behar dira, Siria iparraldean gatazkan daramatzaten 12 urteak eta lekualdaketak ez ezik, Turkian krisi ekonomikoak ekarri dituen behar larriak.
Arantxa Osesek, Save the Childreneko Ekintza Humanitarioko arduradunak, informazio gehiago eman digu 23 milioi pertsonari eragin dien larrialdi honen inguruan; kontuan izan behar da, gainera, haurrak direla horietako asko.
ZER EGOERATAN DAUDE HAURRAK LURRIKARAREN OSTEAN?
Egoera oso ezegonkorra da oraindik, baina, gure esperientziagatik, badakigu eragin suntsitzaileak izango dituela haurrengan eta haien familiengan; besteak beste, azpiegiturak hondatu direlako eta oinarrizko zerbitzuak galdu direlako. Krisi ekonomikoa larriagotuko du horrek, eta babesa galtzeko arriskua areagotuko du; epe luzeagoan, kalte fisikoak eta psikologikoak ere ekarriko ditu. Haurrengan eragin suntsitzaileak izango ditu, azkar jokatzen ez bada. Lurrikararen ostean, haurrak beren familiengandik bereizita gera daitezke, eta larritasuna, gehiegikeriak eta esplotazioa jasateko arrisku handiagoan jartzen ditu horrek. Gainera, beren etxekoak galtzearen ondorioz, kalte emozionalak izan ditzakete, eta beren garapena zaildu dezake horrek guztiak. Horregatik, garrantzitsua da haien behar eta ezaugarrietarako egokia den laguntza ematea, ahalik eta bizkorren.
NOLA ERAGIN DIE INGURU HORRETAKO ERREFUXIATUEI ETA LEKUALDATUEI?
Turkian lurrikarak astindutako eremua Siriako mugatik gertu dago, eta errefuxiatu asko hartzen dituen ingurua da. Sirian, Alepo hiriak (eragina izan du lurrikarak eremu horretan) eta Idlib probintziak asko sufritu dute gatazkaren ondorioz. Jada lehendik zaurgarritasun eta gabezia handiak zituzten hainbat pertsonak Turkiara jo zuten, eta han hartu zuten babesa; pilatuta bizi ziren, bizitoki prekarioetan eta oso baliabide gutxirekin. Orain, dena galdu dute berriro, eta are zaurgarriagoak dira, maila askotan.
ZEIN DIRA PREMIA LARRIENAK?
Lehen ebaluazioetan azaldu denaren arabera, neguko hotz gordinean babesa eta aterpea emango dizkieten produktuak banatzea da premiazkoena orain: oihal-etxolak, lastairak, berogailuak, premiazko gauzak, elikagaiak eta ura… Jendeari babeslekua ematen dioten abegi-zentroek ere laguntza materiala behar dute, eta, horrez gain, gune seguruak izan behar dute emakume eta neskentzat. Gainera, funtsezkoa da eskudirua izatea, familia bakoitzari bere premiak lehenesteko bidea ematen diolako horrek, eta pertsonen duintasuna sustatzen duelako, autonomia emanez eta mendekotasuna murriztuz.
NOLA ARI DA LANEAN SAVE THE CHILDREN LARRIALDI HONETAN?
Lanean ari gara jada larrialdiko laguntza emanez, bi herrialdeetan bizitzak salbatzeko; Turkian, geure lantaldeen bidez, eta Sirian, gure bazkideen bidez. Garrantzitsua da argi esatea gure langileek eta lankide ditugun erakundeetakoek galera handiak izan dituztela lurrikararen eraginez: senitartekoak, lagunak edota euren etxeak galdu dituzte. Hortaz, lehen laguntza psikologikoak funtsezkoak dira erreskate-taldeetarako eta lehen erantzuna ematen ari diren taldeetarako. Horrez gain, lehentasuna ematen ari gara premia-premiazko gauzak helarazteari, horien bidez behin-behineko babeslekuak ezarriz, esaterako, edota hotzetik babesteko mantak eta kitak helaraziz, edo higiene eta osasun-kitak banatuz. Horrekin batera, funtsezkoa da bakarrik dauden haurrei begira babes-neurriak hartzea, eta berriro familiekin elkartzeko bideak ematea. Turkiako gobernuarekin eta beste eragile humanitario batzuekin koordinatuta ari gara lanean, premia larrienei erantzuteari lehentasuna emanez. Hain zuzen ere, lanean ari gara Sirian 2013tik, gatazkak kaltetutako herritarrei larrialdiko laguntza emanez.
ZER EGIN DEZAKETE LAGUTZA EMAN NAHI DUTENEK?
Lehen-lehenik, argi ulertu behar da tokian tokiko beharrak aldatzen ari direla une hauetan, eta, ildo beretik, bizkor aldatzen direla kalteak jasa dituzten familien behar eta lehentasunak ere. Funtsezkoa da koordinazioa, eta garrantzitsua da laguntza humanitarioko erakundeok egiten ari garen lanean konfiantza izatea. Larrialdi honi erantzuteko egiten ari garen lana babestu nahi dutenek dohaintza bat egin dezakete gure webgunearen bidez www.savethechildren.es; 900 37 37 15 telefono-zenbakira deitu dezakete (doakoa da), edo SMS mezu bat bidali, laguntza hitza jarrita, 38098 zenbakira (3 euroko kostua du, eta dohaintza, osorik, Save the Children erakundearentzat da).