Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Lantaldearen “XXI. mendeko Hezkuntzarako Oinarrien Zirriborroari” zuzenketak egiteko epearen barruan egin du eskaria
• Desoreka ekonomiko, sozial eta pertsonalek hezkuntza-aukerak baldintzatzen ez dituztela bermatzea funtsezkoa da haurren hezkuntzarako eskubidea bermatzeko.
• Euskadi da ikasle etorkinak gehien bereizten dituen autonomia-erkidegoa, eta sozioekonomikoki behartsuak diren ikasleen kontzentrazio-tasari dagokionez, berriz, bigarren tokian dago, ELGAko batezbestekoaren gainetik .
• Hezkuntza hitzarmenak argi eta garbi zehaztu behar ditu hurrengo 30 urteetarako euskal hezkuntza-sistemaren helburu estrategikoak, xedeak eta adierazleak, bikaintasunaren, ekitatearen eta inklusioaren arloan, akordio hau betetzen den ala ez jakiteko.
Bilbo, 2022ko martxoak 4. Save the Childrenek “XXI. mendeko Hezkuntzarako Oinarrien Zirriborrorako” bere zuzenketa-proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Lantaldearen aurrean, segregazioaren aurkako neurri eta konpromiso zehatzak bermatzeko. Gaur amaituko da zuzenketak egiteko epea. Erakundeak berariazko zuzenketa proposatu ditu, haurrek hezkuntza inklusiborako duten eskubidea bermatzeko, hala nola eskolatze orekatu eta inklusiborako sarbide- eta onarpen-mekanismo berriak sortzea eta 0tik 3 urtera haur-hezkuntzan ikasle zaurgarrien eskolatzea sustatzea, Haurreskolak sarean hazkuntzari laguntzeko eredu malguen bidez, besteak beste. Proposamen horiek hemizikloko talde politikoekin egindako lan-bileretan ere partekatu dira.
“Euskadik erronka garrantzitsuak ditu ekitatearen arloan, desoreka ekonomiko, sozial eta pertsonalek hezkuntza-aukerak baldintzatzen ez dituztela ziurtatzeko”. Ildo horretatik, jatorri sozioekonomikoak eta migrazioarekin lotutakoak hezkuntza-aurrerabidean eta eskola-segregazioan duten eraginak azken hilabeteotako Hezkuntza Lantaldearen eztabaida markatu du eta aztertu behar du hezkuntza-politikak akordio honetan, neurri eta konpromiso zehatzen bidez. Gizarte-kohesioa dago jokoan” adierazi du Sara Polok, Euskadiko Save the Childreneko Haur Politiken ataleko arduradunak.
Estatuko ikasle migratzaileen eskola-segregazioaren indizerik altuena du Euskadik, eta bigarren tokian dago sozioekonomikoki behartsuak diren ikasleen kontzentrazioari dagokionez, ELGAko batez bestekoaren gainetik; eta okerrera egiten jarraitzen du 2012tik , PISA 2018 txostenaren arabera. Haurrak hainbat ikastetxetan bereiztea beren egoera sozioekonomikoaren arabera (eskola-segregazio sozioekonomikoa) berdintasun-baldintzetan hezteko duten eskubidea urratzea da, bai eta hezkuntza-ekitatea eta hezkuntza-arrakasta eta gizarte-kohesioa bermatzeko oztopoa ere.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren azken datuek gero eta desberdintasun handiagoa adierazten dute. Atzerritar jatorriko ikasleen emaitzak Euskadiko batezbestekoaren azpitik daude konpetentzia guztietan eta orain arte egindako Ebaluazio Diagnostikoaren edizio guztietan, bertako ikasleen kasuan ez bezala, eta txarrera egin dute, oro har, eskolatzean aurrera egin ahala. Ikasle etorkinen eta jatorrizkoen arteko matematika-desberdintasuna Estatuko altuena da, ELGAko hirugarrena, eta hazi egin da 2015etik. Era berean, txostenak onartzen du eskolen banaketa ez dela uniformea, eta maila sozioekonomiko apalena duten ikasle gehien dituzten ikastetxeek emaitza apalagoak dituztela. Euskadin, gero eta ikasle gutxiagok errepikatzen dute, baina errepikapenak egoera sozioekonomiko okerrena duten ikasleengan biltzen dira.
“Hezkuntza Ituna aukera bat da Euskadiko haur guztiei aukera-berdintasunean hezteko eskubidea bermatzeko”. Hori lortzeko, euskal hezkuntza-sistemak bikaintasunaren, ekitatearen eta inklusioaren arloan datozen 30 urteetarako dituen helburu estrategikoak, jomugak eta adierazleak jaso behar ditu. Gainera, komenigarritzat jotzen dugu itun horrek ahalik eta parte-hartzerik eta adostasunik handiena izatea, Haurren Eskubideen Batzordeak adierazitakoarekin bat etorrita, eta euskal hezkuntza-sistemaren egiturazko elementuen beharrezko egonkortasuna bilatu behar du”, gaineratu du Polok; halaber, Hezkuntza Lantaldearen esparruan egindako lankidetza-prozesua nabarmendu du, hezkuntzaren arloko ehun aditu eta eragile ingururen (Save the Children barne) ekarpenak jaso baititu.
Era berean, Save the Childrenek beharrezkotzat jotzen du lege berriak hezkuntza-ekitateko eta segregazioaren aurkako ezaugarriak eta konpromisoak ezartzea, ikastetxeek Euskal Hezkuntza Zerbitzuan onartuak izateko eta baliabide publikoekin finantzatuak izateko bete beharko dituztenak. Ildo horretatik, Zerbitzu honetako zentroetarako formula bidezko finantzazio-eredu berri bat diseinatzea proposatzen du, hasieratik gizarte-baldintza zailenetan daudenei laguntza handiagoa ematen saiatuko dena, hau da, ikastetxeak errepikapeneko emaitza negatiboak edo bestelakoak izan arte itxaron gabe.
Erakundeak onartu egiten du eskolatze-kuotak kenduta doakotasun erreala bermatzeko zirriborroan jasotako konpromisoa. Hala ere, gogorarazi du, doakotasun erreala bermatzeko, 1987tik indarrean dagoen araudia betez, araudi berriaren bidez, Hezkuntza Ikuskaritzaren kontrol eraginkorraren bidez eta, hala badagokio, zehapenen bidez.
Gainera, Save the Childrenek Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeari helarazi dizkion proposamenen artean, honako hauek daude eskola segregazioa leheneratzeko programak bultzatzea; eskola espazio segurua, ongizatea eta tratu ona izan dadin beharrezkoak diren aldaketak egitea; eta Ekitatearen eta Inklusioaren Euskal Behatokia sortzea ISE-IVEIn, euskal hezkuntza-sistemaren ekitatea eta inklusioa ebaluatzeko eta horren jarraipena egiteko.
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.
Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan eta batik bat pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.
Editoreentzako baliabideak
Nahastu nirekin. Euskadiko eranskina. (2018) Save the Children.
2018ko PISA txostenak ekitateaz dioenaz jakin behar duzun guztia. (2018) Save the Children.
Panorámica del Sistema Educativo Vasco 2021. (2021) ISEI-IVEI, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila.