- Ekainaren 26tik uztailaren 21era bitartean, kirol, aisialdi eta kulturaren esparruetako hainbat jardueratan parte hartuko dute modu osasuntsu batean, Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen.
- Estatuan, 2.200 haurrek hiri-udalekuetan eta kanpamentuetan parte hartuko dute Andaluzian, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Madrilgo Erkidegoan, Valentziako Erkidegoan, Euskadin eta Melillan.
- Egoera zaurgarrienean dauden haurrek gainerako haurren aukera berak izango dituztela eta egunean behin behintzat janari osasungarria jan ahal izango dutela bermatu nahi du erakundeak; eta aukera hori bermatzeko eskatu die instituzioei, aisialdiko, errefortzuko eta denbora libreko jardueretan lekua emanez eta ekipamendu eta garraioetarako laguntzak emanez uda garaian ere.
- Gizarte eta hezkuntzako jarduerek errazagoa egiten dute familia-kontziliazioa, eta haurrak etxean bakarrik geratzea saihesten dute.
Komunikabideetarako baliabideak: https://labur.eus/B2JbK
Bilbo/Madril, 2023ko uztailak 3.- Igerilekura, hondartzara edo mendira joatea, museoak bisitatzea edo lagunekin jolas egitea, horiek izan behar lukete Euskadiko edozein haurrek udan gauzatu behar lituzkeen jarduerak. Aitzitik, uda garaia iristen denean, areagotu egiten dira haurren artean dauden desorekak.
Horregatik, hiri-udalekuak eta udako kanpamentuak abian jarri ditu aurten ere Save the Childrenek estatu osoan, pobrezia eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden 3 urtetik 17ra bitarteko 2.200 haurrentzat; horietatik 372 haurrek hiru gune hauetan parte hartuko dute: Barakaldoko Haur eta Nerabeen Baliabide Zentroan (HNBZ) eta Barakaldoko udalaren babesarekin antolatutako guneetan; Bilbon, Bakuva elkartearekin lankidetzan, eta Gasteizen, Vital Kutxaren eta Gasteizko Udalaren laguntzari esker. Gizartearen eta hezkuntzaren arloko programa horien bidez, askotariko jarduerak sustatzen ditu erakundeak, kirolekin, aisialdi eta kulturarekin, elikadura-ohitura onekin, babes emozionalarekin eta hezkuntzako indargarriekin lotuta.
“Askotan, baliabide ekonomiko gutxi dituzten familiek albora utzi behar izaten dituzte aisialdiko jarduerak. Gure programetan, beste aukera bat eskaintzen diegu haur horiei, hala nola natura-inguruneetara txangoak egitea, bisita kulturalak, igerilekuetarako irteerak edo sentsibilizazio-lantegiak”, esan digu Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak.
“Lorratzak bilatuz, marraztuz… jolasten gara, oso dibertigarria da”, dio Luciak (10 urte), Barakaldoko hiri-udalekuen esparruan gauzatzen dituzten dinamiken inguruan gogoeta eginez. “Oso aspergarria litzateke egunero gauza bera egingo bagenu”.
“Hondartzara joatea gustatzen zait niri” diok Whitneyk (8 urte), programatutako txango bati aipamena eginez; eta, horrez gain, “musika jartzea eta beste haur batzuk ezagutzea” gustatzen zaiola dio.
Gainera, Save the Childrenek, bere esku-hartzea Euskadiko eragin politikorako agendarekin osatzen du, eta, horretarako, udalei aurkezten dizkie bere proposamenak, eta instituzioei eskatzen die aisialdiko eta kiroletako jarduerak eta hezkuntzako jarduera indargarriak egiteko lekuak eta laguntzak bermatzea egoera zaurgarrian dauden familiei, ekipamendua eta garraioa ere barnean hartzen dituztela ziurtatuz.
Barakaldon, migrazioa da hari nagusia
“Migrazioei buruz gauza asko ari gara ikasten, eta gustura nabil”, azaldu du Issak (8 urte). “Hainbat arazorengatik beren herrialdea utzi eta beste batera doazen pertsonak dira”, erantsi du Manduk (9 urte), eta gai hori jorratzeko erabiltzen ari diren hiru jolas zerrendatu ditu.
Aurten, Save the Childrenek Barakaldoko Haur eta Nerabeen Baliabide Zentroan antolatu dituen udalekuen programazioaren hari nagusia migrazioena da.
“Udaleku hauetan, beren herrialdean edo herrialdeen artean batetik bestera doazen haurren egoerari eta bizipenei buruzko gogoeta egin nahi dugu, zenbaitetan ondoan lagunduko dien pertsona heldurik gabe doazela kontuan hartuta. Gune honetako aisialdi hezigarriak gaiaren inguruan sentsibilizatzeko balio digu, aintzat hartuta, gainera, parte hartzen duten ume asko migratzaileak direla edo migratzaile izan diren familietakoak direla”, argitu du Nekane Marañónek, Barakaldoko HNBZko jardueren koordinatzaileak.
Azken urteetan, Europara zuzentzen ziren migrazio-fluxuen gorakada nabarmena ikusi dugu, eta ez soilik gatazkengatik, klima-aldaketak ekarri dituen ondorioengatik edo bizi-kostua eta gosea handitu direlako ere bai; hainbat eremu geografikotatik ihes egitera eraman ditu zibilak horrek guztiak, eta haurrak ere hor doaz. Migrazio-bideetan ondoan inor ez izateak eta etxeetatik urrun egoteak askotariko arriskuak dakarzkiete, eta behartuta daude haurtzaroa garaia baino lehen atzean uztera.
Kontziliazioa sustatzea eta haurrak bakarrik gera daitezen saihestea
Nellyk (9 urte) adierazi du Barakaldoko HNBZko udalekuetan parte hartuko ez balu etxean egon litzatekeela, “aspertuta”. Gauza bera dio Issak (8 urte) ere: “Horrela, ondo pasatzen dut, eta ez naiz etxean aspertuta geratzen. Oraintxe, esaterako, telebista ikusten egongo nintzen etxean”.
Familia askorentzat, batez ere familia gurasobakar amadunentzat edo babesa ematen dien sarerik ez dutenentzat, zailak izaten dira udako hilabeteak, lana eta haurren zainketa uztartu ezin dituztenez; eta familia horiek eguneroko gastuari eta urtean sortzen diren ustekabeko kostuei aurre egiteko orduan duten egoera ahulari beste zailtasun bat eransten die horrek.
“Haur batzuek etxean geratu behar izaten dute bakarrik, gurasoek lan egiten dutelako, eta, batzuk, gainera, beste batzuekin partekatzen dute etxea, ez dute argi naturalik, zarata handia dute, eta ez dute tokirik. Udaleku hauek edota antzeko toki seguruak eskaintzea funtsezkoa da, esate baterako, aisialdi osasungarri eta hezigarria bizi dezaten. Eta, gainera, ez dute eguna bakarrik edo inguru desatseginetan pasatu beharko horrela. Ezinbestekoa da instituzioek horrelako guneetan sarbidea bermatzea familia horiei, laguntzak emanez eta inor atzean utzi gabe, baita udan ere, eta horixe bera eskatu genuen, hain zuzen, udal eta foru-aldundietarako hauteskundeetan haurrei begira egin genituen proposamenetan”, dio Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak.
Hamar haurretatik bi (% 21,4) etxe osasungaitzetan bizi dira; hau da, oinarrizko osasun- eta higiene-baldintzak betetzen ez dituzten etxeetan. Osasun fisikoan eta mentalean eragina du horrek, bai eta haurren garapenean eta segurtasunean ere: horixe adierazi zuen Save the Childrenek berriki argitaratu duen txosten batean, “Hemen ez dago bizitzerik: familiek Euskadin etxebizitza duin bat eskuratzeko dituzten zailtasunen azterketa”.
Udalekuak estatu mailan
Aurtengo udan, jarduerak ekainetik abuztura izango dira, Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen (Euskadi) ez ezik, baita Sevillan (Andaluzia), Valentzian, Alacanten, Paternan eta Mislatan (Valentziako Erkidegoa), Illescasen (Gaztela-Mantxa), Madrilen eta Leganesen (Madrilgo Erkidegoan), Bartzelonan, Canovellesen eta Lleidan (Katalunia) eta Melillan ere. Save the Childrenek sutatzen dituen kanpamentu eta hiri-udalekuak bere egoitzetan nahiz laguntzen aritu diren beste erakunde eta elkarte batzuen guneetan garatuko dira.
Save the Childrenen udako kanpaina La Caixa fundazioarekin lankidetzan gauzatzen da, CaixaProinfancia programaren esparruan; Espainiako hainbat tokitan egoera ahulenean dauden haurrak artatu nahi dira programa horren bidez. Horrez gain, haurren pobreziaren kontrako borrokan konpromisoa hartuta ari diren enpresen laguntza ere badu, hala nola Probitas fundaziorena, Lidlena eta IKEArena.
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen bermatzeko. Gaur egun, 115 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 20 urte baino lehenagotik ari da, arlo politikoan eta sozialean jarduera ugari garatuz nahiz hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.
Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan, eta pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin batik bat. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.