Euskadin, nerabeen erdiak baino gehiagok zailtasunak ditu berri faltsuak identifikatzeko

  • Save the Childrenek ikerlan bat argitaratu du ingurune digitalean haur eta nerabeek duten desinformazioari eta gorroto-diskurtsoen eraginpean egoteko arriskuari buruz
  • Nerabeen % 54k telebista erabiltzen du informazioa jasotzeko bitarteko nagusi gisa, eta sare sozialak ere maila bertsuan daude (% 46,5)
  • Berri faltsua izan daitekeen susmoa izan arren, bost nerabetik batek ez du kontrastatzen; % 50,3k, berriz, familiarteko eta lagunengana joko lukete berria egia den egiaztatzeko

Ikerketa osoa: https://bit.ly/3zvKhn5

Telebistarako adierazpenen irudiak: https://bit.ly/3TFHsXn

Eduki-sortzaile baten lekukotasuna: https://bit.ly/3MXOB1G

Bilbo, 2024ko irailak 26. Datorren irailaren 28an Informaziorako Sarbide Unibertsalaren Nazioarteko Eguna dela kontuan hartuta eta Konexiorik gabeko eskubideen kanpainaren barnean, Save the Childrenek ikerlan bat kaleratu du gaur, ingurune digitalean haur eta nerabeek duten desinformazioari eta gorroto-diskurtsoen eraginpean egoteko arriskuari buruzkoa. Ikerlan horren bidez, erakundeak salatu nahi izan du horrelako edukiekiko esposizioak zuzen-zuzenean urratzen dituela haur eta nerabeek egiazko informazio segurua jasotzeko duten eskubidea; funtsezko eskubide hori gero eta maizago urratzen da, gainera.

“Internetek informaziorako sarbidea nolabait demokratizatu badu ere, eduki kaltegarri eta okerren ugaritzea ere erraztu egin du, eta, estereotipo negatiboak eta bizi-eredu irrealak betikotzeaz gain, gorroto-diskurtsoak sustatzen ditu. Esposizio horrek, eta aintzat hartuta mundu digitaleko harremanek deshumanizazioa dutela ezaugarri nahiz ingurune fisikoan izango ez genituzkeen jokabideak agerrarazten dituela, bereziki zaurgarri bihurtzen ditu neska-mutilak halako edukiekiko”, adierazi du Catalina Perazzok, Gizarte eta Politika Intzidentziaren ataleko zuzendariak.

Azterketa horren emaitza nagusietako bat honako hau da: Euskadin, nerabeen % 54k telebista erabiltzen du informazioa eskuratzeko bitarteko nagusi gisa, bai eta sare sozialak ere, ia maila berean (% 46,5); bi bitarteko horiek beste komunikabide batzuen aurretik kokatu dira azterlanean, hala nola onlineko prentsaren (% 25), irratiaren edota paperezko prentsaren aurretik (% 13 eta % 4, hurrenez hurren).

Sare sozialei eta edukien sortzaileei dagokienez, nerabeen % 16k uste du informazio-iturri fidagarriak direla beti, eta % 66k uste du, berriz, hala izan daitekeela zenbaitetan. Generoaren arabera bereizita, ikusten da mutilek konfiantza handiagoa dutela profil horietan: mutilen % 18,4k informazio-iturri fidagarritzat dauzka, eta nesken % 12,4k. 

Erakundea kezkatzen duen beste gaietako bat zurrumurru eta gezurrekin lotutakoa da: nerabeen ia erdiek, % 45ek zehazki, ez lukete jakingo beti berri faltsu bat identifikatzen. Gainera, berri faltsua izan daitekeen susmoa izan arren, bost nerabetik batek ez du kontrastatzen; % 50,3k, berriz, familiarteko eta lagunengana joko lukete berria egia den aztertzeko. “Familiarteko eta lagun horiek ere informazioa jasotzeko iturri berak erabiltzeak kezkatzen gaitu; izan ere, burbuila-efektua eragin dezake horrek, eta informazio faltsua betikotzeko arriskua areagotu”, dio Perazzok.

Bizimodu-eredu eta itxura irrealekiko esposizioa

Ingurune digitalean haurrei eta nerabeei eragiten dien beste arrisku bat ere azpimarratu du azterlanak, haien osasun mentalari zuzenean eragiten diona: etengabe sare sozialen bidez bizi-estilo jakin batzuen irudikapen idealen mende egotea, edertasun-estandar jakin batzuen mende eta, bereziki nesken kasuan, emakumeen gorputzaren sexualizazioaren mende.

Negozio-eredu gisa bizitza pribatua etengabe erakusgai jartzea lehendik ere egiten zen telebista eta prentsa tradizionaletan. Baina erakundeak gogora ekarri nahi izan du, hori horrela izanda ere, edonork egin dezakeela hori mundu digitalaren bidez, eta, horren ondorioz, intimitate kontzeptuak beste esanahi bat hartu duela orain. Kideko sentitzen dituzten pertsonei edo aholkuak ematen dizkietenei jarraitzen diete neskek, edota profil batzuetako pertsonei, haien bizimodu pribatua ezagutzeko; mutilek, berriz, joera gehiago dute bideojokoen munduarekin edo kirolekin lotutako pertsonekin jarduteko.

“Influencer edo eragin-sortzaileek beren burua erakusten dutenean, hori publikoki baliozkotzeak horrelako jokabideak errepikatzera eraman ditzake neska-mutilak, eta, horren ondorioz, alderdi pertsonalagoak edo argazki intimo eta sexualizatuak parteka ditzakete azkenerako. Halakoak ohikoagoak dira haur eta nerabe nesken artean, eta, estereotipo sexisten ondorioz, publikoki desiragarriak diren gorputzetara moldatu behar dutela senti dezakete”, dio Perazzok.

Generoaren arabera edukietan eta diskurtsoan dauden aldeak

Save the Childrenek argitaratutako dokumentuan, streamerrak diren gizon eta emakumeen askotariko profilak ere aztertu dira, diskurtsoetan dauden aldeak generoaren arabera alderatzeko, baita jarraitzaileen komunitateen artean ere. Aztertu diren eduki-sortzaile mutilen kasuan, ikusi da normalean jarraitzaile gehiago dituztela eta, horrez gain, arriskutsutzat jotzen diren jokabide mota ugari dituztela, hala nola maiz errepikatzen diren iruzkin sexualak partekatzea, pornografiari noiznahi erreferentzia egitea, edo bideojokoei buruzko iruzkin erotiko edo pornografikoak egitea. Gainera, ohikoak dira stream-kanaletako txatetan erreferentzia misoginoak, drogen kontsumoa garrantzi gabeko gauzatzat hartzen duten mezuak, edota jazarpen-jarrerak, streamer batek dioenaren aurkako jarrera erakusten dutenen aurrean.

Eduki-sortzaile nesken kasuan, jarraitzaile kopuru txikiagoa izan ohi dute normalean, eta guztiek egin behar izan diote aurre erasoei beren sareetan, askotariko arrazoiengatik: abusuen biktimak defendatu dituztelako, bikotekide ohi baten tratu txarren berri eman dutelako, edo estereotipo estetiko jakin batzuk betetzen ez dituztelako.

Irene Fields-ek, bideojokoetako edukien sortzaileak, esana du horrelako erasoak jasan izan dituela bere sareetan. “Iruzkin bortitzak jaso izan ditut mundu honetan, neska izate hutsagatik, ‘hoa sukaldera, ‘zer egiten dun jolasean, garbitzen aritu beharko huke’ eta horrelakoak; edota, areago, sexu-eraso bat jasan nezan ere desiratu izan du zenbaitek niretzat, eta mugak gainditzen ditu horrek. Behar-beharrezkoa da heziketa, teknologia berriak erabiltzen ikasteko, oso azkar baitoa dena eta ezin baikara atzean geratu. Heziketa, ez soilik erabiltzen jakiteko, baita beste gauza batzuetarako ere; esaterako, informazioa non bilatu jakiteko, informazio asko baitago erreala dirudiena, eta ez da hala”, dio. 

Argitalpen honi buruzko oharra

Ikerketa hau 14 urtetik gorako Espainiako 3.315 neraberi eta haur eta nerabeez osatutako 10-17 urte bitarteko bost eztabaida-talderi egin zaizkien inkestetan oinarritu da. Euskadin, sei ikastetxetako 292 neraberi egin zaie inkesta. Horrez gain, sektoreko zenbait aditu eta profesionalen laguntza izan dugu, besteak beste, teknologiaren gehiegizko erabilerarekin lotutako patologiak lantzen dituzten gizarte-langileena edota web-zerbitzuen sortzaileena. Hala, errealitate horri ahalik eta ikuspegi zabalenetik heldu nahi izan diogu, eta ikuspegi horiek guztiak (batez ere nerabeenak) kontuan hartzen dituzten gomendio batzuk planteatu.  

Save the Childreni buruz 

Save the Children mundu osoko haurren eskubideen defentsan liderra den erakunde independentea da. 100 urte baino gehiago daramatza lanean haur guztiak bizirik, ikasten eta babestuta daudela ziurtatzeko. Gaur egun, erakundeak 115 herrialde baino gehiagotan jarduten du, eta Euskadin duela 20 urtetik dago. Eragin politiko eta sozialeko jarduera handia egiten du, eta hezkuntza-laguntza eta aisialdiko eta denbora libreko jarduerak eskaintzen dizkie pobreziako edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden 600 haur baino gehiagori Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen. Duela gutxi, salerosketa detektatzeko eta prebenitzeko zentro bat ireki du Irunen. 

Espainian 30 urte baino gehiago daramatza haur ahulenei arreta emateko programetan. Espainian dituzten programen bidez, arreta integrala ematen diete haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta ahalik eta gaitasun gehien lortzea.