Euskadin hazkuntza kostua %13 igo da 2 urtetan, hilean 866€ seme-alaba bakoitzeko

  • Save the Childrenek kaleratu berri duen txostenean azaldu duenez, Euskadin haurren hazkuntzaren batez besteko hileko kostua handitzearen arrazoi nagusia etxebizitzarekin lotutako gastuek eta janarien gastuek gora egitea izan da (% 21 eta % 25, hurrenez hurren).
  • Haurrak dituzten familiak dira prezioen bilakaerak gehien eragiten dienak, “hazkuntzaren inflazio espezifikoa” jasaten baitute; inflazio orokorra baino % 35,5 handiagoa da Euskadin.
  • Izaera unibertsaleko prestazioa badago Euskadin 0-3 urte bitartekoentzat, baina 17 urtera arte (hau barne) luzatzea eskatu du erakundeak.

Bilbo, 2024ko abenduak 3. Haurren haziera-kostua nabarmen handitu da Euskadin, eta, batez beste, 866 eurokoa da hileko 2024an, seme edo alaba bakoitzeko. % 13 handitu da, beraz, 2022koarekiko. Horixe erakutsi du Save the Childrenek 2024an haurren haziera-kostua zenbatekoa den jakiteko egin duen azterlanak.  Save the Childrenek gaur aurkeztu du Zenbat kostatzen den haurrak haztea Euskadin 2024an txostena, eta Euskal Autonomia Erkidegoan seme edo alaba bat izateak zer kostu duen aztertu du.

29.307 familia pobretuenentzat ezinezkoa da gastu horri aurre egitea, argi eta garbi, baita beren diru-sarrera guztiak horretarako erabiliko balituzkete ere. Horrez gain, Euskadiko familien % 42k, 89.675, zailtasunak dituzte kostu horri aurre egiteko, seme bat edo alaba bat hazteko kostuetarako beren diru-sarreren erdia baino gehiago behar dutelako. “Familiek seme-alaben zainketan diru-sarreren zer ehuneko inbertitu behar luketen aztertzen badugu, ikusiko dugu Euskadin familien erdiak baino gehiagok ez duela diru-sarrera nahikorik haurren haziera-kostua ordaintzeko edota zailtasunak dituela horretarako, eta familia horietako seme-alaben ongizatea arriskuan jartzen du horrek”, dio Irati Alvarezek, Euskadiko Save the Childreneko Politika Intzidentziaren ataleko arduradunak.

Haziera-kostu horiek batez ere inflazioagatik handitu dira, inflazio horrek eragin handia izan baitu funtsezko hainbat ondasun eta zerbitzutan, hala nola etxeko hornigai eta janarietan. 2022tik gehien handitu diren gastuak etxebizitzarekin (% 21) eta elikadurarekin (% 25) lotutakoak dira. Horrez gain, ustekabeko gastuei aurre egiteko zailtasun handiak dituzten familietan bizi da haurren % 42, eta kopuru hori 2022an baino bi puntu handiagoa da ehunekotan. Ziklo ekonomikoa alde batera utzita, haurrak dituzten familiak dira prezioen bilakaerak gehien eragiten dietenak, “hazkundearen inflazio espezifikoa” jasaten baitute; inflazio orokorra baino % 35,5 handiagoa da, zehazki. 

Euskadin, 14 urtetik beherako haur eta nerabeen % 10,2 mantentze-pobreziako egoeran bizi da, hau da, haien familiek ez dute diru-sarrera nahikorik oinarrizko beharrei aurre egiteko (PGDI, 2022). Eta 2023ko Bizi Baldintzei buruzko azken Inkestaren arabera (BBI 2023), EAEko bost haur eta nerabetatik bat (% 18,8) pobrezia-arriskuan edo gizarte-bazterketako arriskuan zeuden.

 

Arriskurik handienekoak: 18 urtetik beherako haurrak dituzten familiak eta familia gurasobakar amadunak

Oro har errentak handitu egin diren testuinguru honetan, pobreziaren adierazleek behera egin dute 2023an, ia adin-tarte eta familia mota guztietan. Baina ez da horrela gertatu 18 urte arteko pertsonen artean edota haurrak dituzten familien artean, okerrera egin baitute pobreziaren adierazleek kasu horietan. Pobrezia-arriskuan edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden eta euren ardurapean seme-alabak dituzten familien ehunekoa % 18koa da Euskadin (AROPE 2023), eta zifra hori bikoiztu egiten da familia gurasobakar amadunen kasuan, % 36ra iristen baitira.  

 

Elikadura eta etxebizitza, funtsezko gastuak

Etxebizitzaren eta elikagaien esparruetako ohiko gastuak dira Euskadin gehientsuen igo direnak: etxebizitzen kasuan, % 21 igo dira 2022tik, eta % 11, berriz, 2018tik; elikagaien kasuan, % 25 igo dira 2022tik, eta % 43, berriz, 2018tik.

12 urteko neskato baten ama da Rut, eta esan digu ezinezkoa dela hipoteka bat eta haur bat baino gehiago izatea: “Ez da harritzekoa jendeak [haur gehiago] ez izatea, soldata ez baitator bat bizi-mailarekin”.

 

Batez beste, haur bat jaiotzen denean sortzen den kostu gehigarria 158 eurokoa da hileko. Guztira, etxebizitzarekin lotutako gastuak (etxeko hornigaiak barnean hartuta) 211 eurokoak dira hileko, seme edo alaba bakoitzeko. Etxebizitza-kostuetan izan den gorakada nabarmen horrek badauka zerikusirik familiek oro har aurre egin behar dioten zama ekonomikoarekin, eta are nabarmenagoa da hori diru-sarrera mugatuak dituzten familien kasuan.  Elikaduraren esparruko gastuak, berriz, 147 eurokoak dira batez beste hileko.

 

Hazkuntzaren kostua, adinaren arabera

Haur baten haziera-kostua asko aldatzen da haurtzaroko edo nerabezaroko zer etapatan dagoen kontuan hartuta. 0 urtetik 3ra bitarteko haur baten kasuan, hileko kostua 674 eurokoa da. Adin-tarte horretan haziera-kostuan pisu handiena duten partidak kontziliazioarekin, etxebizitzarekin (espazioa kide berriari egokitzea) eta elikadurarekin daude lotuta. 4 urtetik 6ra bitarteko haur baten kasuan, hileko kostua 848 eurokoa da. 

7 urtetik 12ra bitartean, batez besteko kostua, hileko, 911 eurokoa da, maximoetako bat. Zenbait aldaketa egin ohi dira logelan, eta albo batera uzten dira altzari batzuk. Janari kopuru handiagoa behar dute haurrek, eta erabat sartzen dira familiaren dietan. 13 urtetik 17ra bitartekoen kasuan, hilekoa kostua 925 eurokoa da. Jostailuak alde batera uzten dituzte, eta aisia lagunekin pasatzen dute, edo gailu teknologikoak erabiltzen dituzte.

 

Hazkuntzari laguntzeko politika publikoak indartzeak zer-nolako garrantzia duen 

Ikerketak joera kezkagarri bat erakusten du: haurren pobrezia egituraz altuagoa da gainerako herritarrei eragiten diena baino. Euskadin 2022an Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren sistema (DSBE) erreformatu izanak, EBIa eta neurri espezifikoak 0 eta 3 urte bitarteko adingabeak hazteko laguntzak, adibidez (200€/hil seme-alaba bakoizeko) gehitzearekin batera, familien diru-sarrerak handitzen eta haien egoera hobetzen lagundu dute. Hala ere, haurren pobreziaren adierazle nagusien bilakaerak erakusten digu hartutako neurria, positiboak izanik, ez direla nahikoak. 

Txostenaren amaieran, zenbait gomendio ematen direa, hazkuntzaren kostua arintzeko eta eraginkortasuna hobetzeko, hala nola haurtzaroko inbertsio publikoa handitzea, DSBE, IMV edo haien haurtzaroko osagarrika bezalako familiei bideratutako laguntza-mekanismoak indartzea, hazkuntzan laguntzeko politika unibertsalakl 3 urtetik 17 urtera (barne) zabaltzea, prestazioen jarduerak hazkuntzaren kostuaren adierazleekin lotzea, etxebizitza duin bat eskuratzejo aukera bermatzea. 

Gainera, Save the Childrenek gogorazi du garrantzitsua dela babes-neurriak zabaltzen jarraitzea, egoera ahulenean daudes familiei begira, eta haurrak eta haien baldintza sozio-materialak maila guztietako ekintza politikoaren erdigunean jartzea. 

Informazio gehiago

Save the Childrenek egindako Zenbat kostatzen den haurrak haztea txostenaren hirugarren edizioa da honako hau. Lehenengoa 2018an egin zuen, hainbat urteko atzeraldiaren ostean, zehazki, haurrak zituzten familien errentei oso modu larrian eragin baitzien atzerapen horrek. 2022an, pandemiaren ostean, bigarren edizioa kaleratu zuen erakundeak. Urte horren hasieran, eragin handia izan zuen prezioen krisiak, batez ere elikagaietan eta produktu energetikoetan nabarmendu zenak, eta inflazio-aldi horrek haurrak zituzten familiei nola eragin zien aztertu beharra ekarri zuen horrek.