Txostena: https://stces.me/44bo7AE
Ramala, 2023ko uztailak 10. Israelgo armadak atxilotutako haur palestinarrek abusu fisikoak eta emozionalak pairatzen dituzte: bost haurretatik lau (% 86) jipoitu egiten dituzte, eta % 69 biluztu egiten dituzte, Save the Childrenek gaur zabaldu duen ikerketaren arabera. Ia erdiek (% 42) lesioak jasaten dituzte atxiloketaren unean, hala nola bala-zauriak eta hezur-hausturak. Batzuek sexu-indarkeria salatzen dute, eta beste batzuek diote kaiola txikietan sartuta eraman zituztela auzitegietara edo atxilotze-zentroetara.
1967tik okupatutako lurralde palestinarretako giza eskubideen egoerari buruzko kontalari bereziak, Francesca Albanesek, haur palestinarren atxiloketari buruzko frogak aurkeztu ditu gaur Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean, eta ikerketa berri hau ere egun berean aurkeztu da. Kalkuluen arabera, urtero 500 haurretik 1.000 haurrera bitartean izaten dituzte Israelgo atxiloketa militarreko zentroetan.
Save the Childrenen ustez, praktika horiek giza eskubideen urraketa larriak dira, aspalditik datozenak, eta adingabe palestinarrak lege militarra aplikatuz atxilotzeari eta auzitegi militarretan epaitzeari uzteko eskatu dio Israeli.
Halaber, Save the Childrenek eta YMCAk, tokiko erakunde bazkideetako batek, atxilotuak izan diren Zisjordania osoko 228 haur (221 mutil eta 7 neska) elkarrizketatu dituzte –hilabete batetik 18 hilabetera bitartean egin dituzte atxilotuta–, eta egiaztatu dute gehienak jipoitu egin dituztela eta eskuburdinak eta bendak jarri dizkietela atxilotzeko garaian. Horrez gain, galdeketak leku ezezagunetan egiten dizkiete, aitaren, amaren edo legezko tutorearen presentziarik gabe, eta janaria eta ura kentzen dizkiete askotan, loa galarazten diete edo abokatuaren laguntza ere ukatzen diete. Atxiloketa horiek egiteko ustezko delitu nagusia harriak jaurtitzea da, eta delitu horrek 20 urteko espetxe-zigorra ekar diezaieke haur palestinarrei.
Ikerketa berri hau Save the Childrenek 2020an egindakoaren (Babesgabeak izenekoa) jarraipena da, eta egiaztatu du izugarri handitu dela atxiloketan gertatzen diren abusu fisiko eta emozionalen eragina, eta abusu horiek ondorio sakonak dituztela haurren oneratzeko gaitasunean.
Khalil [fikziozko izena] 13 urte zituenean atxilotu zuten, eta osasun-arretarik jaso ez zuela dio: “Zauri bat nuen hankan, igeltsua jarrita nuen eta arrastaka ibili behar nuen mugitu ahal izateko. Gorputza txikitzen ari zitzaizkidala sentitzen nuen. Ez nuen makulurik oinez ibiltzen laguntzeko, soldaduei laguntza eskatu nien behin eta berriz lekualdatu nindutenean, baina inork ez zidan lagundu”.
Khalilen esanetan, Israelgo armadako kide batek mehatxatu egin zuen: “Bigarren aldiz atxilotu ninduenean, soldaduak hil egingo ninduela esanez mehatxu egin zidan. Galdetu zidan ea bere lehengusuaren zorte bera izan nahi zuen, hura hil egin baitzuten. Niri gauza bera gertatuko zitzaidala eta hil egingo nintzela esan zidan, baina aurretik kartzelara bidaliko ninduela. Nire bila itzuliko zela esan zidan, eta egun hori noiz iritsiko zain egoten naiz egunero”.
Haur batzuek kontatu zuten abusuen helburua egiazkoak ez ziren gauzak onartzera behartzea zela, horrela, beste pertsona batzuei, baita beren senideei ere, hainbat gertaera leporatzeko.
Ahmed [fikziozko izena] 14 urterekin atxilotu zuten, eta haren ama Yasmeenek [fikziozko izena] uste du bere semeari egindako galdeketan anaia salatzera behartu zutela, aske uztearen truke: “Inozoa zen, eta ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Haiek agindutakoa esan zuen, eta, egun batzuk geroago, gure etxera etorri eta nire beste semea atxilotu zuten”.
Haurren aurkako indarkeriaren zifrak
Zisjordanian haurrek eta nerabeek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak erakusten dituzten hainbat datu bildu ditu Save the Childrenen txosten berriak :
- Atxilotzeko unean, haurren % 42k zauriak jasan zituen, hala nola bala-zauriak eta hezur-hausturak, eta haurren % 65 gauez atxilotu zuten, batez ere gauerditik egunsentira bitartean. Atxiloketen erdiak haurren etxean bertan gertatu ziren.
- Haur gehienek abusu fisiko eta emozional izugarriak jasan zituzten, hala nola jipoiak (% 86), erasotzeko mehatxuak (% 70) eta makilekin edo pistolekin emandako kolpeak (% 60).
- Haur batzuek indarkeria eta sexu-abusuak salatu zituzten, hala nola kolpeak edo ukituak genitaletan, eta % 69k, miaketak.
- Haurren % 60ri bakartze-erregimena ezarri zitzaien, eta egun bat eta 48 egun arteko iraupena izan zuten.
- Haurrei oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea ukatu zitzaien: % 70ek esan zuen gose izan zela, eta % 68k adierazi zuen ez zuela osasun-arretarik jaso.
- Haurren % 58ri ez zieten onartu bisitak jasotzea edo familiarekin komunikatzea atxilotuta egon ziren bitartean.
- Atxilotutako haur gehienak mutilak dira, eta joera hori inkestan islatzen da, inkesta egin zaienen % 97 mutilak baitira.
- Amesgaiztoak sarritan dituzten haurren kopurua % 39tik % 53ra igo da, eta loezina edo lo egiteko zailtasunak dituztenena % 47tik % 73ra, 2020an galdekatutako haurrekin alderatuta.
- Haurrek etorkizunerako duten ilusioa eta itxaropena % 96tik (2020) % 68ra (2023) jaitsi da, eta gorakada kezkagarria da hori, laguntza psikosozial urriko testuinguru batean
14 urte zituenean atxilotu zuten Mohammed [fikziozko izena], eta haren amak, Lanak [fikziozko izena], kontatzen duenez, askatu ondoren, bere semeak ez zuen bere ondotik banandu nahi eta bere ondoan lo egitea eskatzen zion: “Ez du etxetik irten nahi. Erronka handia izan da guretzat; traumatizatuta dagoela uste dut. Astearte gau batean atxilotu zuten, eta orain asteartero bere bila etorriko direla uste du”.
Jason Leek –Save the Children erakundeko zuzendaria Palestinako lurralde okupatuetan– dioenez, urtero, gutxi gorabehera 500 eta 700 haur palestinar artean seinalatzen ditu Israelgo sistema judizial militarrak: “Epaitegi militarretan epaiketa sistematikoa jasaten duten munduko haur bakarrak dira. Gure ikerketak erakutsi du –beste behin ere– abusu larriak eta orokortuak egiten dizkietela haiek zaindu behar lituzketenek.
Haurrak kolpatzeko eta biluzteko edo animalia gisa tratatzeko eta etorkizuna lapurtzeko justifikaziorik ez dagoela salatu du Leek: “Haurrak babesteko betebeharrean gertatzen ari den krisia da, eta ezin dugu beste alde batera begiratu. Abusuzko atxiloketa militar horiei amaiera eman behar zaie behingoz”, ondorioztatu du.
Save the Childrenek haurren eskubide guztiak eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko eskatu dio Israeli, eta Israelgo agintari militarrek haurrak atxilotzeko eta auzipetzeko praktika berehala bertan behera uzteko eskatu du.
Save the Children Palestinako lurralde okupatuetan
Save the Childrenek 1950eko hamarkadatik dihardu Palestinako haur eta nerabeekin lanean, eta 1973tik presentzia iraunkorra du Palestinako lurralde okupatuetan. Eskualde osoan esku hartzen du, bazkide diren 30 erakunderekin baino gehiagorekin egindako sare-lanari esker. Erakunde horiek guztiak elkarlanean aritzen dira, haurrek eta nerabeek bizirik jarrai dezaten, ikasteko aukera izan dezaten eta mota guztietako abusuetatik babestuta egon daitezen bermatzeko, bai eta Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena bete dadin sustatzeko ere.