ASMO HANDIKO HEZKUNTZA EUSKAL LEGE ZEHATZAGO BATEN ALDE, AKORDIOAREN MAILAN, EKITATERAKO ETA DESEGREGAZIORAKO
Euskadik leku nabarmena du eskola-segregazioaren ranking tamalgarrian: Estatu osoko migrazio-jatorriaren araberako segregazio-maila handiena eta segregazio sozioekonomikoan, bigarrena. Horrek esan nahi du aukera-berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea ez dela errespetatzen ari. Eta, gainera, beherakada demografikoak eta immigrazioak mapa sozialaren eta eskola-maparen eraldaketa saihestezin baten aurrean jartzen gaituzte, eta egoerak okerrera egingo du erabakitasunez jokatu ezean.
Hezkuntza Akordioa, batez ere 43 neurriengatik, aukera historikoa izan zen euskal hezkuntzak behar dituen aldaketa batzuetarako. Mugarri bat izan zen, Eusko Legebiltzarraren % 91ren babesa bilduz, alderdi horiek hautesleen % 89 ordezkatzen dutelarik.
Save the Children eta Zubiak Eraikiz erakundeek uste dugu Hezkuntzaren Euskal Lege berriak segregazioaren arloko Akordioaren anbizioaren mailan egon behar duela, eta neurriak zehazteko beste urrats bat eman behar duela. Ezagutu den aurreproiektuaren zirriborroak ez die itxaropenei erantzuten. Zehaztugabea, kontraesankorra edo anbiguoa da Akordioaren giltzarri diren alderdietan, hala nola, segregazioaren aurkako eskolatze-mekanismoetan, beharren araberako baliabideetan edo Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izateko eskakizun eta prozesuetan, eta, aldiz, beste batzuetan zehaztua.
Dekretuak eta aginduak gobernuaren nahierara alda daitezke, legeek iraun egiten dute. Bokazio iraunkorra duen lege batek – egungoa 30 urte mantendu da – adostasunaren xede diren lehentasun politikoak islatu behar ditu, eta Akordioan argi eta garbi egiaztatu da euskal gizartearen ordezkari den ia arku politiko osoak ulertzen duela ekitatea eta segregazioaren aurkako borroka lehentasunak direla eta neurriak argi dituela. Euskal legeak ez luke izan behar Estatuko edo Kataluniako legeak baino asmo gutxiagokoa, eta halaxe da une honetan ere. Gure ustez, lege berriak eskubideak bermatuko dituen aterkia izan behar du, Administraziorako tresna eta aginteen marko argi, koherente eta sendoa ezartzen duena, dekretuak bertatik ateratzen direnak. Zehazki, lege berriak, besteak beste:
- Administrazioak eskola-segregazioa saihesteko garatu behar dituen eskolatze orekaturako sarbide eta onarpen mekanismoak esplizituki txertatzea (zerrenda bikoitza edo plaza-erreserba, Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-laguntza-beharrizan espezifikoak dituzten ikasle-kopurua, ratioaren zabalkundeak eta murrizketak, onarpen baremoaren irizpideak, atxikipenak, matrikula biziaren banaketa orekatua, bereziki azken hau, lege eta dekretutik kanpo baitago).
- Eskolatzeko tokiko bulegoen sorrera txertatzea, eremu/barruti edo udalerri mailan.
- Itunpeko ikastetxeak “interes sozialekotzat” hartzeko eta Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izateko baldintza zehatzak eta egiaztagarriak definitzea (doakotasuna, irabazi-asmorik eza, segregazioaren aurkako konpromisoa, hurbileko eskolatzea, ekitaterako eta kohesiorako interesa), eta aldi iragankor bat ezartzea gaur egungo itunpeko ikastetxeak sartzeko. Sarrera hori ez da automatikoa izango, baizik eta betebeharrak progresiboki betetzearen araberakoa (xedapen iragankorra, egungo itun-politika unibertsalarekin amaitzeko).
- Euskal Hezkuntza Zerbitzuko zentroen doakotasuna gauzatzeko kontrol-mekanismo zehatzak zehaztea (auditoretzaz arduratzen den administrazio-unitatea; kontzertua berritzeko, jarduerak, zerbitzuak eta prezioak aurretiko baimentzea; gehieneko prezioak...).
- Ikastetxeei baliabideak esleitzea hezkuntza-konplexutasunaren indizearekin (ICE)/zaurgarritasun-indizearekin (IV) lotzea, eta, era berean, programa-kontratuarekin lotzea. Kontratu horrek ekitateko, gizarte-kohesioko eta segregazio egoerei eta gizarte desabantailako egoerei buelta emateko jarduketa eta proiektuetara bereziki bideratuta egon behar du, ikastetxeen autonomia lehiaketa bihur ez dadin.
- Tokiko segregazioa eta ekitateari buruzko urteko adierazle eta datuen garapena eta analisia agintzea, Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektiba Euskal Erakundearen eta Akordioaren azpibatzorde tekniko baten bidez, eskola-plangintza kudeatzeko eta aurrerapenen jarraipena egiteko.
- Euskal Eskola Publikorako Estrategiaren garapenaren oinarri izango diren printzipio gidariak eta hezkuntza-politikak garatzea (hala nola irakaskuntza-politikak, zuzendaritza-politikak, curriculum-politikak, ebaluazio-politikak eta baliabideak). Estrategia horretan gauzatu behar da Eskola Publikoak sisteman behar duen protagonismoa, kuantitatiboki eta kualitatiboki. Eskola Publikoak, gizarte-kohesioaren berme gisa, baliabideak, materialak eta giza-baliabideak behar ditu, baina, batez ere, bere kalitatea hobetuko duen eta bere perimetroa zabalduko duen proiektu bat behar du.
Arazoaren ukapenetik aitorpen politikora igaro gara. Orain, inmobilismotik konponbideetara igaro behar da, hezkuntza-politika ausart, anbiziotsu eta eraginkorretara. Abian den Hezkuntza Akordioa zaintzeko, eta iguripenak ez zapuzteko, lege berriak Akordioa instituzionalizatzea ekarri behar du. Eman diezaiogun denbora parte-hartze eta adostasun politiko eta sozial handiko arau bat lortzeko, aukera-berdintasunean hezkuntza eskubidea benetan bermatzeko. Alderdien esku dago, akordioaren sinatzaile gisa, hala izatea. Aukera daukagu.
Bilbo, 2022ko azaroaren 19an.