Euskadiko nerabeak erronka digitalaren aurrean: zer-nolako garrantzia duen ondo hezteak, indarkeriarik gabeko Internet seguru bat izateko

  • Euskal Autonomia Erkidegoan, nerabeen % 81,5ek nahiko maiz erabiltzen dute Internet 11 urte betez geroztik, eta  estatuko batez bestekoa gainditzen du ehuneko horrek. 

  • Haurren eta nerabeen % 38,4 eduki erotiko eta pornografikoetara iritsi da halakorik bilatu gabe. 

  • Ondo prestatu gabe Internet eskura edukitzeak hainbat arrisku ekar diezazkieke haurrei eta nerabeei, hala nola desinformazioa, ezezagunekin kontaktuan egotea edo eduki pornografikoak kontsumitzea. 

Txostena: #KonexiorikGabekoEskubideak 

 

Bilbo, 2025eko otsailak 11. Internet Seguruaren Eguna dela eta, Save the Childrenek ohartarazi nahi izan du hezkuntza digital arduratsua behar-beharrezkoa dugula, bide horretatik Euskadiko haurrak eta nerabeak babesteko. Erakundearen azken ikerketa oinarri hartuta, inkestak egin zaizkien nerabeen % 96,6k (10 urtetik 17ra bitarteko haur eta nerabeei galdetu zaie) adierazi du Interneteko konexioa duela etxean, eta % 81,5ek azaldu du nahiko maiz erabiltzen duela 11 urte betez geroztik; Euskadiri dagokion ehuneko horrek gainditu egiten du estatuko batez bestekoa, % 58koa. 

Interneten prestakuntza egokirik gabe adin goiztiarretan etengabe sartzeak hainbat arrisku ekar diezazkieke haurrei eta nerabeei, hala nola eduki kaltegarrien kontsumoa, ezezagunekiko kontaktuak edota berri faltsuak identifikatzeko zailtasuna. Ildo horretatik, Euskadiko nerabeen % 38,4k sarbidea izan du eduki erotikoetan edo pornografikoetan halakoen bila ibili gabe, eta nerabeen % 14,7 kontaktuan jartzen da ezezagunekin sarearen bidez. Beste datu kezkagarri bat: % 18,8 prest legoke fisikoki ezezagunekin elkartzeko.  

Eduki horiekiko esposizioak eragina du nerabeek harreman afektibo eta sexualez duten ikuspegian, baina, horretaz gain, genero-estereotipo kaltegarriak susta ditzake, eta indarkerian eta desberdinkerian oinarritutako harreman-ereduak normalizatu. 

“Teknologia berriek onlineko hainbat indarkeria mota agerrarazi dituzte, gero eta nabarmenkiago, eta sareko bizimodutik kanpo lehendik zeuden arazoak esparru digitalera eraman dituzte. Funtsezkoa da haurrak ingurune digitalean ere babestea, haien bizitzako gainerako esparruetan egiten dugun seriotasun berberaz arituz”, adierazi du Irati Álvarezek, Euskadiko Save the Childreneko politika-intzidentziako teknikariak.

Beste erronka esanguratsu bat desinformazioarekin dago lotuta: Euskadiko nerabeen % 28k soilik daki berri faltsuak eta faltsuak ez direnak bereizten; % 67,2k, berriz, ez du biak bereizterik lortzen beti. Oso-oso kezkagarria iruditu zaigu informazioa kontrastatu nahian dabiltzanean batez ere beren gertuko ingurunera jotzen dutela jakitea, desinformazio-joerak betikotzea eragin baitezake horrek. 

Mutilen eta nesken erabileren artean dauden aldeak eta horrekin lotutako arriskuak

Azterlan honetan, argi ikusi da alde handiak daudela Euskadin nesken eta mutilen artean, Internet erabiltzeko orduan. Neskek gehiago erabiltzen dituzte sare sozialak, eta serieen eta filmen kontsumoa ere ia mutilen bikoitza da; aldiz, mutilen artean online bideojokoen erabilera nabarmentzen da, mutilen % 62,4k erabiltzen baitituzte, eta nesken % 8,8k baino ez. Gainera, neska nerabeek gehiago erakusten dituzte beren irudia eta beren sentimenduak sareetan, eta horrek zaurgarriagoak bihurtzen ditu hainbat arriskuren aurrean.  

Desafio horien aurrean, hezkuntza digitala indartzeko eta teknologien erabilera seguruaren inguruko prestakuntza sustatzeko eskatzen dio Save the Childrenek Euskadiko administrazio publikoari, eta horixe jasotzen da, hain zuzen, Haurren eta Nerabeen Lege berrian. “Behar-beharrezkoa da hezkuntza afektibo-sexual arautua bultzatzea oso adin goiztiarretatik, familietan alfabetatze digitala bultzatzea, eta enpresa teknologikoen erantzukizun soziala indartzea, ingurune digital seguruagoa bermatu ahal izateko”, dio Álvarezek. 

Azterlan honen emaitzei eta onlineko indarkeriei buruzko ezjakintasunari erantzuteko xedez, Save the Childrenek zenbait erreminta diseinatu zituen, izenburu honekin: “gertatu bada, egon gertu. Online gertatu den indarkeriazko gertakari baten lekuko izan diren eta indarkeria hori geldiarazteko edo hura betikotzea saihesteko zerbait egin duten nerabeengan jartzen du fokua baliabide honek. Irakasleei zuzentzen zaie, metodologia parte-hartzaileen bidez online dauden indarkeria motez beren ikasleak sentsibilizatzeko eta horien aurrean nola jokatu jakin dezaten. 

Aurreko ildo horri jarraituz, Save the Childrenek guraso-eskola bultzatu zuen, eta, berorren bidez, hainbat prestakuntza mota eskaintzen dira doan, besteak beste, Interneten erabilera egokiari buruzko prestakuntza eta online indarkeriei aurrea hartzekoa. Haur eta nerabeentzat indarkeriarik gabeko espazio digital seguruak lortzeko helburu sendoa hartuta, irakasleekin eta familiekin lan egitearen alde daude.

Euskadiko Save the Childreni buruz

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarraitu dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen bermatzeko. Gaur egun, 115 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 20 urte baino lehenagotik ari da, arlo politikoan eta sozialean jarduera ugari garatuz nahiz hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz Bizkaian eta Araban pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.