Visita esta página en castellano

Mugako Testuinguruetan Pertsonen Salerosketaren Biktimak Goiz Detektatzea eta Babestea 

Proyecto EVA

Europar Batasunean, pertsonen salerosketatik bizirik ateratzen diren pertsona gehienak emakumeak eta neskatoak dira, eta sexu-esplotaziorako salerosten dituzte; bestalde, pertsonen salerosketaren lau biktimatik ia bat mutikoa da. 2016an jada, pertsonen salerosketak EBn duen egoerari buruzko txosten batean, Europolek ohartarazi zuen pertsonen salerosketa handitzen ari zela EBren barruan. 

Italia eta Espainia helmugako lehen herrialdeak dira, baina igarobideak dira migratzaile gehienentzat; mugan kokatutako Ventimiglia eta Irun hirietatik igaro ohi dira migratzaileak, hurrenez hurren, eta geldialdi laburrak baino ez dituzte egiten toki horietan, handik Parisera, Frantziako beste hiri batzuetara edo Europako herrialdeetara joateko. Italia eta Espainia artean dago Frantzia, eta helmugako eta igarobideko herrialdea da Italiatik eta Espainiatik bidaiatzen duten eta pertsonen salerosketen biktima diren migratzaile askorentzat. 

“Mugako Testuinguruetan Pertsonen Salerosketaren Biktimak Goiz Detektatzeko eta Babesteko Proiektua” (Early identification and protection of Victims of trafficking in border Areas, EVA proiektua, ingelesezko siglen arabera) nazioz gaindiko proiektu bat da, eta Asilorako, Migrazioetarako eta Integraziorako Europako Funtsak (AMIF) finantzatzen du. Hauxe da proiektu horren helburua: haurrak, gazteak eta 30 urtera arteko emakumeak (seme-alabak dituztenak edo ez dituztenak), pertsonen salerosketaren biktima izan daitezkeenak, goiz detektatzea eta babestea, Espainiaren, Frantziaren eta Italiaren arteko mugetan. 24 hilabeteko iraupena du proiektuak, 2023ko apiriletik 2025eko apirilera. 

Proiektuak nazioz gaindiko dimentsioa du, eta Espainian (Irun, Euskal Autonomia Erkidegoa), Italian (Ventimiglia) eta Frantzian (Provence-Alpes-Côte d 'Azur, Paris eta Nimes) gauzatzen da, 7 gizarte-erakunderen bidez: Save the Children Espainia; Save the Children Italia; Consortium Agorà: pertsonen salerosketaren aurkako erakundeen sarea Ligurian; pertsonen salerosketaren aurkako Helpline Nacional Veneto eskualdean; Frantzian, Association Réflexion Action Prévention-communautaire – ARAP: sexu-langileei laguntzeko erakundea Nimesen; France Terre d' Asile: giza eskubideen babesa eta iheslarien eta asilo eskatzaileen harrera Provence-Alpes-Côte d’Azur, Nimes eta Parisen; eta pertsonen salerosketaren aurkako Mission d 'Intervention et de Sensibilisation contre la Traite des êtres humains- MIST erakundea Parisen.  

Proiektuaren helburuak

1. Funtsezko gaiei (iragaitzazko pertsonen salerosketaren fenomenoa, biktimak eta biktima izan daitezkeenak detektatzeko eta babesteko beharra, etab.) eta proiektuko ekintzei buruzko sentsibilizazioa areagotzea.

2. Espainian, Italian eta Frantzian interesa duten alderdiak trebatzea, biktima potentzialak goiz detektatzeko, eta arreta berezia jartzea haurrengan, gazteengan eta seme-alabak dituzten edo ez dituzten emakumeengan.

3. Espainian, Italian eta Frantzian pertsonen salerosketaren biktima izan daitezkeenak goiz detektatzeko eta babesteko protokolo bat (SOP) garatzea eta aplikatzea.

4. Espainian, Italian eta Frantzian parte hartzen duten erakundeen arteko lankidetza nazionala eta nazioz gaindikoa sustatzea, pertsonen salerosketaren biktima izan daitezkeenen nazioz gaindiko babesa eta eskubideak bermatzeko.

5. Ezagutzen eta jardunbide egokien nazioz gaindiko trukea sustatzea.

Gaiarekin lotutako artikuluak:

Siete organizaciones se coordinan para hacer frente a la trata de seres humanos en las fronteras de Francia, Italia y España:
:Prentsa-oharra

Save the Children buru duen GKE partzuergoa Irunen bildu da salerosketaren aurkako proiektuan aurrera egiteko :
:Prentsa-oharra

Europar Batasunak finantzatutako proiektua da. Adierazitako iritziek eta ikuspuntuek egileak soilik konprometitzen dituzte, eta ez dituzte nahitaez islatzen Europar Batasunekoak edo Europako Batzordekoak. Europar Batasuna eta Europako Batzordea ezin dira haien erantzuletzat hartu.