Save the Childrenek funtsezko 8 proposamen planteatu dizkie alderdiei Espainian haurren eta nerabeen bizimodua hobetzeko

  • Erakundea hautagai nagusiekin bildu da, hauteskunde orokorretako kanpainan haurrak, botorik ez badute ere, kontuan hartu ditzaten

Yo voto por la infancia

Ikus-entzunezko baliabideak:https://stces.me/449Fphv

#NireBotoaHaurrenAlde kanpainia: www.savethechildren.es/yo-voto-por-la-infancia

Madril, 2023ko uztailak 6 – PSOE, PP, Vox eta SUMAR alderdiekin bildu da Espainiako Save the Children, aginte-makila batak zein besteak hartu, haurrak eta nerabeak politiken erdigunean jar ditzaten datorren legealdian.  

Haurrek ezin dute bozkatu, eta, horregatik, haurrei eta nerabeei aukera-berdintasuna eta eskubideak bermatzearen alde bozkatzeko deia egin die erakundeak alderdi politikoei eta herritarrei,  ‘Nire botoa, haurren alde’ kanpainaren bidez.  

“Proposatzen ditugun neurrien artean daude, esaterako, jantokiko bekak pobrezia-egoeran dauden familia guztiei zabaltzea, kostuei duintasunez erantzun ahal izateko haur eta nerabeen hazkuntzarako laguntzak ematea, osasun mentaleko espezializazioa eta plazak gehitzea, edota indarkeria-kasuren bat gertatzen denean, justizia egoera horretara egokitzea; izan ere, uste dugu ezinbestekoak direla, hurrengo legealdian haurrak eta nerabeak benetan kontuan hartuak izan daitezen”, azpimarratu du Catalina Perazzok, haur-politiken ataleko zuzendariak. 

Hona hemen Save the Childrenen neurriak: 

  1. HAZIERARAKO LAGUNTZA EMATEA, 17 urte bete arteko eperako laguntza berri bat emanez automatikoki diru-sarrera gutxiko familiei. 
  2. HAURREN POBREZIA MURRIZTEA, Haur Bermearen irismena zabalduz, Espainian pobrezia-egoeran dauden 800.000 haur eta nerabe baino gehiagok kalitatezko hezkuntza, osasuna, etxea eta elikadura eskuragarri dituztela bermatzeko. 
  3. JANTOKIKO BEKETARAKO SARBIDEA ERRAZTEA, pobreziaren atalasearen azpitik bizi diren milioi bat haur baino gehiagok gutxienez egunean behin modu osasuntsu eta oso batean jan dezaten. 
  4. 0-3 URTE BITARTEKOENTZAT HEZKUNTZA BERMATZEA, etxetik gertuko haur-eskola batean kalitatezko plaza bat eskuragarri izateko eskubidea aitortuz.
  5. HEZKUNTZA-ARRAKASTA ZIURTATZEA, baliabide gutxiko familietako haurrek ikasturtea errepikatzea edo eskola uztea prebenitzeko beharrezkoa den laguntza eskainiz horretarako. 
  6. OSASUN MENTALA ZAINTZEA; beharrezkoa da psikologiako eta psikiatriako profesional gehiago izatea, besteak beste, pandemia osteko nahasmendu mentaletan eta jokabidearen nahasmenduetan izan den kasuen gorakadari buelta emateko.  
  7. JUSTIZIA ESPEZIALIZATZEA, espezializatutako epaitegiekin eta  Barnahus eredua  ezarriz herrialde osoan, haurren kontrako indarkeriaren kasuetan; hala, haien eskubideak errespeta daitezen lortuko da, eta berriro biktima bihurtzea saihestuko.  
  8. HAUR IHESLARIAK BABESTEA, ondo prestatutako profesionalekin, haur migratzaileek, iheslariek edota salerosketen biktima izan direnek beren beharretara egokitutako baliabideak izan ditzaten eta beren eskubideak berma daitezen.  

Uztailaren 23an, Espainian bizi diren haurrek -zortzi milioi pertsona baino gehiago, ia 400 mila Euskadin- ezin izango dute hauteskunde orokorretan bozkatu. Horregatik, Save the Childrenek alderdi politikoei helarazi dizkie gehien eragiten dieten edo gehien kezkatzen dituzten gaiak biltzen dituzten proposamen horiek, hurrengo legegintzaldian ezartzen diren politiketan ager daitezen,aginte-makila batak zein besteak hartu.