• Save the Childrenek “Segurua, batzuentzat soilik” txostena aurkeztu du, haur iheslariei Europan egiten zaien harrera selektiboari buruzkoa.
• Ukrainako gatazka hasi zenetik, Europak ia bi aldiz hartu ditu Siriako gerraren ondorioz baino gehiago, 2015. eta 2016. urteetan.
• EBk eta EBko estatu kideek Ukrainatik datozen iheslariei egin dieten harrerak zehaztu behar du etorkizunerako jarraibidea.
• Bermatu behar da segurtasun bila dabiltzan haur guztiek bide seguru eta legalak, mugitzeko askatasuna, babesa eta beren bizitzei berrekiteko behar duten laguntza izan dezatela.
35 urteko emakume bat, bi seme-alaben ama eta Kongoko Errepublika Demokratikotik iritsitakoa; Grezian bizi da orain, iheslari moduan (Anna Pantelia / Save the Children)
Txostena gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz https://labur.eus/mgENe
Bideo adierazpenak: https://labur.eus/cLKmn
Txostenean aztertutako kasuen argazkiak: https://labur.eus/D2uUH
Bartzelonako 15 gazte migratzailek egindako ‘La acogida’ podcasta: https://youtu.be/bSKWcsZJTGo
Madril/Brusela/Londres, 2023ko ekainak 19 - Asteartean, ekainaren 20an, Iheslarien Mundu Egunaren kariaz, Save the Childrenek EBk eta bere Estatu Kideek Ukrainatik datozen haurrei egindako harrerak etorkizunerako bidea markatzeko eskatu du Segurua, batzuentzat soilik: lekualdatutako haurrei harrera selektiboa egiten zaie Europans txostenean.
50 iheslari eta migratzailetatik bat hil edo desagertu egiten da Europaranzko Mediterraneoko bideetan, eta haur eta nerabeek indarkeria eta baldintza ankerrak pairatzen dituzte iristen direnean. Aldi berean, Europako herrialdeek eta EBk argi utzi dute heriotza horiek eta haurren aurkako tratu txarrak saihestu egin daitezkeela, azken urtean Ukrainatik etorritako haur iheslariei eman dieten harreran.
Iheslarientzako NBEren agentziaren (UNHCR) datuak aztertu ondoren, Save the Childrenek txostenean ondorioztatu du 2019tik milioi erdi inguru pertsonatatik 8.000 baino gehiago hil edo desagertu direla Europaranzko Mediterraneoko bideetan. Europara iristea lortu zutenen artetik, % 20 haurrak ziren. Haurrak eta nerabeak Europara iritsi eta asiloa eskatzeko bide legal eta seguruak ixtean, Europako herrialdeetan babesa ematen zaien iheslarien % 90ek ibilbide prekarioak erabili behar ditu, bai lehorretik, bai itsasotik.
Save the Childrenek argi esan nahi du haur migratzaileen eta haien senideen heriotza EBren eta Europako herrialdeen neurri gogor eta drakoniarren ondorio zuzena dela; neurri horien helburua iheslariak beren lurraldean sartzea galaraztea eta sartzen saiatzen direnei legez kanpo “atzera eginaraztea” da.
Desberdinkeria
Ukrainatik etorritako 8 milioi iheslari baino gehiago sartu dira Europan 2022ko otsailetik; horietatik, % 40 haurrak ziren.
Haur horiek erronka askori egin behar diete aurre: gerra suntsitzaile batetik ihesi doaz, beren familiengandik eta maite dituztenengandik banandu dituzte, eta harrera-herrialdera egokitu behar dute. Baina ez dute indarkeriarik jasan, ez dira baztertuta sentitu, eta ez dute tratulari eta trafikatzaileengana jo behar izan beren herrialdeko indarkeriatik ihes egiteko.
Gobernuek ahalegin handiak egin dituzte Ukrainatik datozen familiek ostatua, hezkuntza eta osasun-arreta jaso dezaten bermatzeko, Aldi Baterako Babesari buruzko Zuzentarauari jarraiki. EBren lege hori 2022ko martxoan aktibatu zen lehen aldiz, 2022ko otsailaren 24an gatazka areagotu ondoren Ukrainatik etorritako iheslari kopuru handiari erantzuteko.
Zuzentarau horretan oinarrituta babesa eskatu duten ukrainar iheslarien kopurua bikoitza da ia 2015ean eta 2016an asiloa eskatu zuten iheslariekin alderatuta; urte horietan, izugarri handitu zen iritsitako iheslarien kopurua, eta batik bat Siriatik zetozen.
“Krisi hari emandako erantzuna disfuntzionala izan zen, kasurik onenean, eta krudela, kasurik txarrenean. EBn asiloa eskatzeko haurrek eta nerabeek duten gaitasuna murrizten jarraitzen duten neurriak sartu eta gogortu zituen: iritsi zirenei eusteko eta beste batzuei etortzeko asmoa burutik kentzeko”, adierazi du Save the Childreneko Jennifer Zuppirolik, haur migratzaileen arloko politika publikoetan aditua denak.
“Ez du zertan horrela izan. Ukrainako familiei egindako harrerak erakusten du Europako herrialdeek elkarrekin lan egin dezaketela gerratik ihesi doazen haur traumatizatuak eta ahulak babesteko. Europako ikuspegi berri bat gauzatu daiteke, haur guztien eskubideak asilo-politiken erdigunean jarriko dituena.”
Mugak itxita, zirkulazioa mugatuta eta haurren aurkako indarkeria
Save the Childrenek elkarrizketetan solaskide izan dituen haur askok indarkeria jasan zuten Europara egindako bidaietan. Haur batzuk biluztu egin zituzten, beste batzuk hotzetan zutik egotera edo deskarga elektrikoak jasatera behartu zituzten.
Indarkeriaren egileak mugazainak izan ohi dira, baina baita haurrak eta haien familiak mendean dituzten tratulariak eta pertsonen trafikatzaileak ere, toki seguru batera eraman ditzaketen ibilbide seguru eta legal guztiak itxi baitira.
Europara egindako bidaia arriskutsua kontatzean, Abbas* 10 urteko mutiko siriarrak Greziara iritsi zirenean gertatu zena deskribatu zuen: "Oso zaila izan zen. Basoan joan ginen oinez hainbat orduan, janaririk eta urik gabe; oinez ibili eta guztia ondo atera zedin otoitz egin, ez genuen besterik egiten.”
"Baina polizia-etxetik 100 metro ingurura geundenean, furgoneta batek hartu gintuen. Krisi nerbioso bat izan nuen han, eta ez nengoen ondo... Biluzteko eskatu zigun poliziak, eta uko egin nion nik arropa guztia kentzeari.”
Abbasen* amak, Samahk*, 33 urtekoak, hauxe esan zion Save the Childreni: "Ibaira eraman gintuzten berriro, eta oso txalupa eskasak zeuzkaten han…” Ezin genuen ezer ikusi, eta nik ez nuen nire seme Abbas* ikusten. Ez nekien non zegoen, eta esaten nien aurpegia estalita zeukaten haiei semerik gabe ez nintzela inora joango. Bestaldean, gizon bat ikusi genuen zuhaitz artean, pistola bat eskutan”.
Zirkulaziorako mugek esan nahi dute haur iheslariek eta haien familiek aukera mugatuak dituztela herrialdeen artean mugitzeko, bai eta beren familiekin elkartzeko ere. Halaber, esan nahi du leku kopuru mugatu batean eskatu dezaketela asiloa, eta askotan baldintza kaskarretan edo jasanezinetan egoten direla atxilotuta.
Europako zenbait herrialdetan, familiak elkartzeko itxaronaldiak luzeak izan daitezke, urte askotakoak, eta haurren salerosketa- eta esplotazio-arriskua areagotzen du horrek, beren kabuz familiekin elkartzen saiatzen direnean.
Bidezko sistema sortzeko aukera bat
Zuppiroliren hitzetan, Ukrainatik datozen iheslariei egin dieten harrerak zehaztu behar du etorkizunerako jarraibidea:
“EB Asiloari eta Migrazioari buruzko Itun bat negoziatzen ari da: haurren eskubideak erdigunean jartzeko aukera eta betebeharra du. Gatazkatik ihes egiten duten haurrei segurtasuna eta babesa bilatzeko bide seguruak eta legezkoak eskaini behar zaizkie, bai eta beren bizitzak berreraikitzeko laguntzak ere. Irakaspenak atera behar dira Ukrainako gerra hasi ondoren abian jarri den erantzunetik, eta ziurtatu behar dugu abian jarri diren neurriak epe luzean mantendu daitezkeela Europan eta Espainian babesa bilatzen duten gainerako haur guztiei erantzuna emateko.”
Europako 13 herrialdetan, Save the Childrenek laguntza eskaini die gero eta gatazka gogorragoetatik ihes egin duten Ukrainako haurren inoizko kopuru handienari. Erakundeak beste herrialde batzuetako haur iheslariei ere laguntzen die, bereziki 2015etik.
Nola pasatu 4 ordu itsasoan Marokoren eta Ceutaren arteko muga zeharkatzeko
16 urteko Mohammedek oztopo askori aurre egin behar izan zion Marokotik Bartzelonara iristeko. “Marearen laguntzaz sartu nintzen uretan. 4 orduz egon nintzen uretan. Azkenean lortu nuen”. Ceutara iritsi zen, baina hau ibilbidearen lehen geldialdia besterik ez zen izan. Astebetez egon zen portuan, eskanerra pasatu zuen kamioi bat ikusi ondoren, azpian sartu eta Malagara iritsi zen. Handik, autostop egin zuen Bartzelonara, eta bi egun eman zituen kalean, harrera-zentro batean sartu zen arte.
Mohammedek bere istorioa kontatu du ‘La Acogida’ Podcasten, Save the Children laguntzarekin Bartzelonan Direcció General d’Infànciako Babes Sistemak hartutako 16 eta 17 urte bitarteko 15 gazte migratzailek egina.
“La Acogida”-n, esperientziak, jatorrizko herrialdeetatik ateratzeko arrazoiak, aurre egin beharreko zailtasunak eta etorkizunerako asmoak partekatzen dituzte. Adituekin eta beren eguneroko bizitzatik hurbil dauden pertsonekin hitz egiten dute, beste gazte batzuei aholkuak ematen dizkiete eta beste gai batzuk lantzen dituzte, lagundu gabeko adingabe izatearekin zerikusia dutenak eta beste alderdi batzuk ere; argi aldarrikatzen dute ez direla hori bakarrik: “askoz gehiago gara”.
Editorearen oharrak:
• Abbas* eta Samah* izenak aldatu egin dira, haien nortasuna babesteko.
• ABBZren (Aldi Baterako Babeserako Zuzentaraua) arabera, ukrainar iheslariek eskubidea dute bizileku-baimena, hezkuntzarako sarbidea, zirkulazio askea, osasun-arreta, lan-merkaturako sarbidea eta bizitokia izateko. Erreferentzia: Aldi baterako babesa (europa.eu)
• 4,9 milioi ukrainar inguru erregistratu ziren aldi baterako babesa jasotzeko; EBn 2015ean eta 2016an asiloa eskatu zuten 2,5 milioi iheslarien ia bikoitza da kopuru hori.