Euskadiko 1.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute haur migratzaile eta iheslariekiko enpatia eta inklusioa sustatzen dituen bigarren edizio honetan
Komunikabideetarako materialak (bideoak eta argazkiak): https://prensasavethechildren.smugmug.com/Nacional/Otros/Recetas-para-la-convivencia/
Izar errezeta nola sukaldatu bideoa: https://www.recetasparalaconvivencia.org/sube-tu-receta/?contest=video-detail&video_id=73804
Donostia, 2021eko ekainak 15. Save the Childrenek eta Basque Culinary Centerrek amaiera eman diote Donostian Bizikidetzarako Errezetak
hezkuntza-berrikuntzako programaren bigarren edizioari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako, hain zuzen. Bigarren edizio honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako 14 ikastetxetako 1.125 ikaslek hartu dute parte, eta erakutsi dute lotura handia dagoela Euskadin eta Euskadiko ikastetxeetako ikasgeletan gastronomiaren eta kultura-aniztasunaren artean. Donostiako Santa Teresa ikastetxeko neska-mutilek proposatutako errezeta, “Pollo tres vasos”, da edizio honetako izar errezeta, hautatuta, 2021eko ekainaren 15, amaiera ekitaldian.
“Migrazioak eragiten dituzten arrazoiak ezagutzeak eta harrera-lurralde gisa dugun erantzukizunaz jabetzeak aukera emango digu aniztasuna errespetatzen duen gizarte abegitsu baterako bidea egiteko. Prozesu horretan haurrak inplikatzea funtsezkoa da gizarte kohesionatu eta garatuago bat eraikitzeko, bizi-proiektu bat eraikitzera datozen pertsonen integrazio osoa errazten duen gizarte bat osatzeko, barnean hartuta leku batetik bestera beren borondatez edo gerrak, jazarpenak, pobreziak edo hondamendi naturalek bultzatuta mugitzen diren haurrak ", adierazi du Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak.
Bestalde, Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, honako hau adierazi du: “Argi erakusten dute horrelako ekimenek gastronomiak gizartea eraldatzeko bide ugari eskaintzen dituela. "Bizikidetzarako Errezetak" proiektuak zapore eta testura berriekin aberasteko aukera ematen digu, gure platerei eta gure kulturari aniztasuna emateko aukera. Kultura anitzeko gizarte bat bultzatzeko ikaskuntza-ariketa bat da: bat eginez eta elkarrekin nahastuz, aberatsagoa izango da bizikidetza”.
Paul Ortegak, eLankidetzako zuzendaria, bere aldetik, azpimarratu du: “Horrelako ekimenak oso interesgarriak dira, bai metodologia berritzaileagatik, bai inplikatutako eragileen aniztasunagatik ere”. Ortegak gaineratu du, “egun, oso beharrezkoak dira arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko, Euskadin bizikidetzaren alde modu positiboan eraikitzea ahalbidetzen baitute”.
Bigarren edizio honetan, Save the Childrenek 90 irakasle eta zuzendaritza-talde inguru trebatu ditu haur migratzaile eta iheslarien eskubideen arloan. Hauek dira jorratu diren gaiak: haur horien joan-etorrien arrazoiak, ibilbideak eta esperientziak zer-nolakoak diren, zer erantzukizun eta erronka dituzten harrera-gizarteek, bizikidetza zer den, zergatik den hain garrantzitsua eta zein diren bizikidetzaren oinarrizko gizarte-balioak.
“Ikasleek egin duten ikasketa- eta gogoeta-prozesu baten emaitza da. Horrela, beren Bizikidetzarako Errezetak egin dituzte askotariko osagaiak konbinatuz, besteak beste, errespetua, enpatia, justizia, berdintasuna edo ausardia. Gizakiak bizikidetzarako izan behar duen jarreraren oinarrizko gizarte-balioen bilduma da, eta desberdinen arteko bizikidetzan jartzen du arreta, haur migratzaileengan, esaterako. Gizarte gisa nahi dugunaren metafora bat da errezeta bakoitza", dio Arranzek.
Basque Culinary Centerren (Donostia) egin den ekitaldian, parte hartu duten haurrek egindako Bizikidetzarako lau errezeta ezagutzeko aukera izan dugu, eta Izar Errezeta zein den jakin dugu, hau da, zein errezetak bateratzen eta ordezkatzen dituen ondoen guk nahi dugun gizarteak oinarrian izan behar dituen balioak. Ekitaldian, parte-hartzaileek partaidetza eta izar errezeta diplomak jasoko dituzte, oroitzapenezko mantal bat eskuratu dute, Save the Childreneko lehen lehendakariorde Pilar Kaltzadaren eta eLankidetzako zuzendari Paul Ortegaren eskutik.
“BIZIKIDETZARAKO ERREZETAK” PROIEKTUA
Gastronomia, aniztasuna, bizikidetza eta milaka haur migratzaile eta iheslarien historiak dira Bizikidetzarako Errezetak proiektuaren irudi geometrikoa osatzen duten lau aurpegiak. Ezinezkoa litzateke pieza horietako edozein bereiztea eta proiektuak funtzionatzen jarraitzea, eta, era berean, zaila da bizi-proiektu bat eraikitzera datozen pertsonen integrazio osoa errazten ez duen gizarte kohesionatu eta garatu bat ulertzea.
Euskadik, sukaldaritza-balioei hain atxikita egon arren aldi berean bere burua berrasmatzen, berritzen eta mundu mailako gastronomian erreferente izaten jakin duen herri honek, ezin zuen galdu beste zapore eta testura batzuekin aberasteko aukera.
Horregatik, bat egin dute Basque Culinary Centerrek eta Save the Childrenek, sukaldaritzaren eta hezkuntzaren bidez aniztasunean oinarritutako bizikidetza lantzeko eta gizartea eraldatu ahal izateko. Sukaldaritzako jakinduria eta asmamena, kultura anitzeko gizarte baten eskura jarrita. Bizikidetza aberatsagoa izan dadin, ezinbestekoa baita bat-egitea eta nahastea.
Bi erakundeok balio asko partekatzen ditugu, baina, bereziki, gure inguruko gizartearekiko konpromisoak eta guztiok elkarrekin bizi ahal izateko leku komunak sortzeak eraman gaituzte lankidetza hori sortzera.
Bizikidetzarako Errezetak gizarte gisa izan nahiko genukeenaren zirriborroa da. Haurren irudimena amaiezina eta izugarria da. Osagai gutxirekin, unibertso bat sor dezakete. Eta horixe da emango dieguna. Plater bat prestatuz, elkarrekin bizitzeak eta kanpotik datozenak integratzeak zer esan nahi duten hausnartzeko elementuak.
Basque Culinary Centerrek eta Save the Childrenek benetan uste dugu ez dagoela errezeta hoberik arrakasta izateko.
"Haur migratzaile eta iheslarien eta horiek dituzten eskubideen aurrean euskal gizarteak hartu beharreko jarrera kritikoaren eta eraldatzailearen sustapena" proiektuaren barruan kokatzen da programa. Proiektu hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatzen du, eta migrazio-prozesuetan gertatzen diren giza eskubideen urraketa-egoerak aztertzen ditu, generoaren, haurren eta bakearen kulturaren ikuspegietatik.
www.recetasparalaconvivencia.org/eu/
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.
Espainian, duela 20 urtetik baino gehiagotik ari da lanean, haur ahulenak artatzeko programekin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Espainian dituzten programen bidez, arreta integrala eskaintzen diete haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasun mailarik handiena lortu ahal izatea.