‘COVIDaren eragina Euskadiko haur zaurgarrienengan’ inkesta

Egoera zaurgarrienean bizi diren haurrei pandemiak dakarzkien kalte sozial eta ekonomiko larrien berri eman du Save the Childrenek. Euskadin, seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia edo zaurgarritasun-egoeran (hilean 900 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak) bizi diren familiak dira  pandemiak gehien kolpatu dituenak, GAD3 aholkularitza-etxeak egin duen “Pandemiaren inpaktua haur zaurgarrienengan” inkestak argitaratutako datuen arabera. Familia horien artean, haurrak dituzten familia zaurgarrien % 77k beren diru-sarrera maila jaitsi egin dela ikusi du; erdiek (% 54) lana galdu dute, eta lautik bat (% 24) aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpean dago. Datu horiek ez datoz bat seme-alabarik gabeko familietan gertatzen denarekin: % 31 dira, kasu horretan, beren diru-sarrera maila nola jaitsi den ikusi dutenak, % 16k galdu du lana, % 12 dira aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpean daudenak.

Inkestak garbi erakutsi du, halaber, seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia-egoeran dauden familiak izan direla Euskadin kaltetuenak Gabon jai hauek prestatu eta gozatzeko orduan ere:  seme-alabak beren ardurapean dituzten 4 familia zaurgarritatik ia 3k (% 70) zailtasunak izango dituzte seme-alabei opariak erosteko, eta 3tik 2ri (% 60) oso zaila gertatuko zaie afari berezi bat egitea. Familia horien erdiek (% 54) ahalegin handia egin beharko dute, gainera, arropa beroak erosteko ere.

Jaitsi txostena: ‘Pandemiaren inpaktua Euskadiko haur zaurgarrienengan’ inkesta’:

JAITSI