- Save the Children eta Fundación por Causa erakundeek azterketa bat aurkeztu dute, Espainian egoera irregularrean dauden haur migratzaileen magnitudeei eta ezaugarriei buruz
- Premiazko erregularizazioa defendatu dute seme-alabak beren ardurapean dituzten paperik gabeko migratzaileentzat berariaz
Migratu duten 147.000 adingabe paperik gabe daude - Administrazio-egoera irregularrean dauden lau haurretatik hiru Latinoamerikakoak dira jatorriz
- Save the Childrenen iritziz, premiazkoa da administrazio-egoera irregularrean dauden familiei sarbidea ematea Bizitzeko Gutxieneko Errentan
Txostena: https://bit.ly/3aDJr8B
Save the Childrenen proposamenak: https://bit.ly/3qO910g
Komunikabideetarako ikus-entzunezko materialak: : https://bit.ly/2ZClAA3
Madril, 2021eko otsailak 24. Save the Children eta Fundación por Causa erakundeek egindako azterketan jasotzen denez, Espainian egoera irregularrean zeuden 19 urtez azpiko ia 147.000 migratzaile 2019an (kopuru berdintsuetan neskak eta mutilak). Europar Batasunetik kanpoko nazionalitatea duten bost pertsonatik bat adierazten du kopuru horrek, udal-erroldan adin-tarte horretan erregistratutakoen artean. Halaxe ageri da gaur aurkeztu duten Crecer sin papeles en España, (Espainian paperik gabe haztea) txostenean.
Espainian paperik gabe bizi diren haur eta nerabe migratzaileak ikusi ere egiten ez diren egoera honetan, azterketa bat egin dute bi erakundeek, horien egoera agerian jartzeko, paperik gabeko migratzaileen multzo osoan irregulartasun-tasa handia baitagokie haur eta gazteei, % 13 ingurukoa, zehazki. Espainian, haur eta nerabe migratzaileen irregulartasun-tasa, guztira, % 20,4koa da; hau da, migratzen duten bost haurretatik bat administrazio-egoera irregularrean dago.
Horrez gain, paperik gabeko haur eta nerabe migratzaileak adin-tarteen arabera banakatu ditu azterlanak: horietatik 55.327k 0-4 urte dituzte; 28.441ek, 5-9 urte; 22.268k, 10-14 urte, eta 40.738k, 15-19 urte. Talde horiek migratzaileen kolektibo osoan duten pisua, berriz, honako hau da: % 37,7, % 19,4, % 15,2 eta % 27,8, hurrenez hurren.
Jatorriari dagokionez, administrazio-egoera irregularrean dauden lau adingabetatik hiru Latinoamerikakoak dira. Aztertutako herrialde guztien artan, Kolonbiak ditu zenbaki absolutu handienak. Espainian bizi diren paperik gabeko sei haurretatik bat herrialde horretakoa da jatorriz. Haren atzetik, eskualde horretako beste herrialde batzuk datoz, hala nola Honduras, Venezuela eta Peru. Hain zuzen ere, gora egin du pixkana haurren arteko irregulartasunak 2014tik, eta, neurri handi batean, leku horietatik datozen familiei asilo-eskaria ukatzearekin dago lotuta hori. Afrikakoak dira jatorriz Espainian sartzen diren haur migratzaileen % 43, baina egoera irregularrean dauden haurren % 13 dira horiek.
Biztanle gehien eta migratzaile gehien dituzten autonomia-erkidegoak dira, jakina, haur horietako gehienak biltzen dituztenak. Kataluniak 34.000 baino gehiago ditu; Madrilgo Erkidegoak 29.300 baino gehiago; Valentziako Erkidegoak ia 20.000; eta Andaluziak, 14.000. Dena den, termino erlatiboetan, ez da joera hori errespetatzen, biztanle gutxien dituzten erkidegoen artean irregulartasun-tasa handiagoko erkidego batzuk ere badaude eta: Asturiasko, Galiziako, Kantabriako, Kanarietako eta Euskadiko erkidegoei dagozkie egoera horretan dauden haurren % 30 baino gehiago.
“Muga bat zeharkatu izanak, edo dagokion baimena izan gabe herrialde batean bizitzeak, errealitate bat finkatzen du: gizartearen zati bat gainerakoak baino koska bat beherago dago, horien eskubideak aitortzeari dagokionez. Egoera hori are zailagoa bihur dezakete koronabirusaren krisiak, migratzaileen artean enpleguak behera egiteak eta horrek guztiak bizileku-baimenean izan duen eraginak”, dio Andrés Condek, Save the Childrenen zuzendari nagusiak.
“Denbora gure kontra doa. Gure kalkuluen arabera, Espainian egoera irregularrean dauden pertsonen kopurua izugarri haz daiteke, eta 160.000 langiletik gorako kopuruetara irits daiteke; gauzak are gehiago zailduko ditu horrek”, erantsi du Gonzalo Fanjulek, Fundación por Causa erakundeko Ikerketa arloko zuzendariak.
Nazioarteko babes-eskariei ezezkoa emateak hainbat haurrengan sortuko duen irregulartasun-egoera erantsi behar zaio horri; Fundación por Causa eta Save the Children erakundeek egindako azterlanaren arabera, 13.000 kasu inguru lirateke.
Kalte ugari haur migratzaileei
Horrek guztiak dakartzan ondorioak nabarmenak dira, eta tragikoak eta irismen luzekoak gainera, zenbaitetan. Askotan Europar Batasunetik kanpoko nazionalitatea duten pertsonen familiek errenta-maila baxuagoak dituzte, eta pobrezia- eta bazterketa-arrisku handiagoa dute jatorriz hemengoak direnek baino. Egoera larriagotu egiten da seme-alabak iristean: pobrezia-arriskua % 14koa da Espainiako nazionalitatea duten eta beren ardurapean adingabeak dituzten erdi mailako ezaugarriekiko familia batean; Europar Batasunetik kanpoko herrialde batetik etorritako familia bada, ordea, % 48ra igoko da probabilitate hori.
Esate baterako, Bizitzeko Gutxieneko Errentatik kanpo gelditzen dira egoera irregularrean dauden familia pobreak; estatuan duela gutxi onartutako prestazioa da errenta hori, zehazki familia horiek bezala daudenei oinarrizko segurtasun-sare bat emateko pentsatua. Zenbait erkidegotan –Balearrak, Valentziako Erkidegoa eta Euskadi–, paperik gabeko biztanleei sarbidea eman zaie gutxieneko errentetan. Euskadin, gainera, sarbidea bermatzen zaie hezkuntzan eta osasunean ere.
Ez bizileku-baimenik, ez atzerritarraren identifikazio-zenbakirik ez izateak eragotzi egin diezaiekete hezkuntzan sarbidea izatea, azterketa ofizialetan, ziurtagirietan edo laguntza publikoetan ere aukerarik ez izatea ekar baitezake horrek. Gainera, eragozpen da nahitaezkoa ez den hezkuntza-sisteman parte hartzeko orduan ere. Oztopo horiek ez daude nahitaez arauan bertan jasota; aitzitik, ezjakintasunaren edota hezkuntza-agintari zenbaiten arbitrariotasunaren emaitza dira.
Legearen eta haren aplikazioaren arteko desberdintasunek eragina dute haurrek osasunerako duten eskubidean ere, egoera irregularrean dauden familiek arbitrariotasun eta zailtasun praktiko ugariri aurre egin behar izaten baitiete. Autonomia-erkidegoetako osasun-sistemetan irizpide desberdinak erabiltzen direnez, ez dago bermatuta beti osasun-txartela eskuratzeko aukera, ez eta ondorio finantzario larriak izan ditzakeen faktura mediko baten aurrean behar luketen babesa edo administrazio-egoera irregularra duten paziente adingabeen etengabeko jarraipena ere. Batzuetan, osasun-sistemak erabiltzeak polizia-agintarien aurrean beren egoera agerian jarriko duen beldurrak urrundu egiten ditu haurrak de facto lehen mailako osasun-zentroetatik eta osasun-zentro espezializatuetatik. Oso zaila da irregulartasunak buru-osasunean duen eragina identifikatzea osasun- eta babes-sistemetan; baina arrasto sakona uzten du. Haurrek zuzenean bizi dituzten beldurrek, antsietateek edota traumek edota pertsona helduengan sumatzen dituztenek definituko dituzte haur horien bizi-aukerak, guretzat ulergaitza den modu batean; hala diote erakundeek txostenean.
Erregularizazioaren kostua
Fundación por Causa eta Save the Children erakundeek ziurtasun osoz diote: beren ardurapean seme-alabak dituzten paperik gabeko migratzaileen familiei berariaz zuzendutako erregularizazio batek aukera emango lioke gizarteari kostu fiskala nabarmen murrizteko, eta, horrez gain, gizarteratzeko oztopo bereziak (administrazioaren, ekonomiaren nahiz hezkuntzaren arlokoak) ezabatzen lagunduko luke, neurri handi batean. Bestalde, haien administrazio-egoera naturalizatuz gero, ihesbide bat irekiko litzateke gizarte-zaurgarritasunaren aurrean, atzerriko herritarren belaunaldi oso baten bizitza baldintzatzeko mehatxua egiten duen zaurgarritasun horren aurrean.
Horretaz gain, haur migratzaile guztientzat araubide juridiko espezifiko bat emateko eskatu du Save the Childrenek. Araubide horren bidez, pertsona horien administrazio-egoerak adingabearen interes gorenaren printzipioa eta ez diskriminatzeko printzipioa kaltetzea saihestuko litzateke, eta neurriak hartuko lirateke gerora sortuko litzatekeen irregulartasuna saihesteko.
Azkenik, funtsezkoa da Save the Childrenentzat administrazio-egoera irregularrean dauden familiei Bizitzeko Gutxieneko Errentan nahiz autonomia-erkidegoetako gutxieneko errentetan eta ardurapeko seme-alaba bakoitzeko prestazioetan sarbidea ematea. Euskadiren kasuan, eskatzen dugu diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eskuratzeko eskatzen den egungo gutxieneko erroldatze-epea 24 hilabetera murriztea, eta izapideak egiteko erraztasunak ematea.
Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eta Migraziorako Euskal Itun Sozialaren bidez adierazi izan du Euskadira oso egoera zaurgarrian iristen diren edo Euskaditik igarotzen diren iheslari eta migratzaileei harrera egiteko eta arreta eta laguntza emateko konpromisoa hartzen duela; txalogarria da jarrera hori, Save the Childrenen ustez.
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean.
Espainian, duela 20 urtetik baino gehiagotik ari da lanean, haur ahulenak artatzeko programekin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Euskadin 15 urtetik ari da arreta integrala eskaintzen haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasun mailarik handiena lortu ahal izatea.
Informazio gehiago:
Marta García Terán, Komunikazioa Euskadin: marta.garcia@savethechildren.org