- Erakundeak #GabonikGabekoFamiliak kanpaina aurkeztu du, eta nabarmendu du pandemiak umedun familia zaurgarrienei dakarzkiela kalterik handienak.
- Seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia-egoeran dauden lau familiatatik hiruk zailtasunak izango dituzte Gabon hauetan beren haurrei opariak erosteko; % 60k zailtasunak izango ditu, halaber, afari berezi bat egiteko, eta % 54k arropa beroak erosteko.
- Seme-alabak beren ardurapean dituzten10 familia zaurgarritatik 8k pandemiaren eraginez beren diru-sarrerak murriztu egin direla ikusi dute, seme-alabarik gabeko familien kasuan baino hiru aldiz gehiago; erdiek beren enplegua galdu dute.
- Pandemian diru-laguntzak eskatu dituzten Euskadiko familien % 45ek ez du jaso laguntzarik oraindik.
Komunikabideentzako lekukotasunak: http://bit.ly/38h7Q1c
Bilbo, 2020ko abenduak 21. Egoera zaurgarrienean bizi diren haurrei pandemiak dakarzkien kalte sozial eta ekonomiko larrien berri eman du Save the Childrenek. Euskadin, seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia edo zaurgarritasun-egoeran (hilean 900 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak) bizi diren familiak dira pandemiak gehien kolpatu dituenak, GAD3 aholkularitza-etxeak egin duen “Pandemiaren inpaktua haur zaurgarrienengan” inkestak argitaratutako datuen arabera. Familia horien artean, haurrak dituzten familia zaurgarrien % 77k beren diru-sarrera maila jaitsi egin dela ikusi du; erdiek (% 54) lana galdu dute, eta lautik bat (% 24) aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpean dago. Datu horiek ez datoz bat seme-alabarik gabeko familietan gertatzen denarekin: % 31 dira, kasu horretan, beren diru-sarrera maila nola jaitsi den ikusi dutenak, % 16k galdu du lana, % 12 dira aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpean daudenak.
Inkestak garbi erakutsi du, halaber, seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia-egoeran dauden familiak izan direla Euskadin kaltetuenak Gabon jai hauek prestatu eta gozatzeko orduan ere: seme-alabak beren ardurapean dituzten 4 familia zaurgarritatik ia 3k (% 70) zailtasunak izango dituzte seme-alabei opariak erosteko, eta 3tik 2ri (% 60) oso zaila gertatuko zaie afari berezi bat egitea. Familia horien erdiek (% 54) ahalegin handia egin beharko dute, gainera, arropa beroak erosteko ere.
Seme-alabak dituzten edo ez dituzten familiak: oinarrizko gastuei aurre egiteko askotariko zailtasunak
Euskadin, pandemiak eragindako krisi ekonomikoak begien bistan jarri du familien artean beren osaeraren arabera ikus daitekeen arrakala: seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia-egoeran dauden familien % 27k zailtasunak izan ditu haragia eta arraina erosteko; % 18k, oinarrizko zerbitzuak ordaintzeko, hala nola argindarra, telefonoa edota ura; eta 10etik batek, berogailua edo Internet ordaintzeko; kontuan hartu behar da, gainera, Internet oinarri-oinarrizko baliabide bihurtu dela pandemian, ikastetxeak itxita egon diren denboraldian haurrek beren eskolekin jarraitu dezaten. Horrez gain, seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia-egoeran dauden familien % 4ri hornidura eten zaie oinarrizko hornigaietan Euskadin (28.000 inguru dira guztira).
Alde handia dago beren kargura seme-alabarik ez duten familietan gertatzen denarekin alderatuta; ordainketa horiek egiteko orduan, % 9 inguru dira haragia eta arraina erosteko zailtasunak dituztenak, eta % 5 oinarrizko zerbitzuak ordaintzeko zailtasunak dituztenak.
“Inkestak argi erakutsi digu berriro ere haurrak direla pandemiaren eragin larrienak jasaten ari direnak, eta krisi ekonomikoak batez ere seme-alabak beren ardurapean dituzten familiei eragiten diela. Ezinbestekoa da haurren beharrak eta haurren interes gorena bermatzea politika publikoetan, pandemiaren uneko eraginei nahiz epe luzekoei aurre egiteko orduan”, dio Charo Arranzek, Save the Childrenen Euskadiko zuzendariak.
Linda Liz, boliviar jatorriko familia bateko ama, Euskadin bizi da duela 14 urtetik bere bikotekidearekin, eta hiru seme-alaba ditu, Barakaldon jaioak; horrez gain, bi iloba nerabe ditu bere ardurapean. “Praktikak egiten hasia nintzen, sukaldaritza eta ostalaritzako ikasketak egin ondoren, baina, egoera honetan, taberna guztiak itxi dituzte bigarren olatuan, eta horrela (lanik gabe) geratu nahiz berriro”, azaldu digu. Esan digu, gainera, ez duela jasotzen ez dirulaguntzarik eta ez diru-sarrerak bermatzeko errentarik. “Aurten, oso arraroak izango dira (Gabonak)… Ez dut zuhaitzik ere jarri orain arte, pentsa…”, esan digu.
Save the Childrenek gogora ekarri du berriro haurrak izatea pobrezia-arriskua jasateko faktore dela oraindik ere Euskadin, are gehiago guraso bakarreko familien kasuan; eta kontuan hartu behar da emakumeak direla buru horrelako familia gehienetan. Haurrak hazteak dakarren kostua estatuko batez besteko kostutik gorakoa da: familiaren ardurapean dagoen seme edo alaba bakoitzaren batez besteko kostua 615 eurokoa da hileko; eta handituz doa adinean aurrera egin ahala: 0-3ko adin-tartean, hilabeteko 551 €, eta 13-17ko adin-tartean, hilabeteko 714€. Eragina du horrek Euskadiko jaiotza-tasan (EUSTAT, 2020): mila biztanleko 7 jaiotzakoa da, Europako baxuenetakoa.[1]
Ez zaie dirulaguntzarik iritsi eskaria egin duten familien erdiei ere
Pandemiaren ondorioei aurre egin ahal izateko dirulaguntzak eskatu dituzten Euskadiko familien ia erdiek (% 45) ez dute halakorik jaso oraindik. Save the Childrenek argi esan du berriro lehenbailehen erreformatu behar dela diru-sarrerak bermatzeko errenta, beren gain seme-alaben ardura duten familiei babes eta dirulaguntza handiagoak eman ahal izateko, batez ere guraso bakarreko familien kasuan; eta uste du, gainera, legealdi honetan onartu beharreko lehen neurrietako bat izan beharko lukeela. Erakundeak, besteak beste, proposatzen du familiaren ardurapean dagoen seme edo alaba bakoitzeko 120€-ko osagarria ematea, familia zaurgarrienei egin zaien kaltea arintzen lagunduko bailuke horrek.
“Inkestaren erantzunek garbi erakutsi dute egoera ekonomikoa eta soziala suspertzeko ahaleginak batez ere pertsona zaurgarrienak babestera bideratu behar direla, eta horien artean daude, hain zuzen, harrekiko familiak. Funtsezkoa da Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta eta bestelako prestazioak eskuratzeko bideak bizkortzea eta erraztea, behar handienak dituzten pertsonek lehenbailehen eta zailtasunik gabe eskura ditzaten, fokua haurrengan jarrita beti”, dio Arranzek.
Save the Childrenen aldarrikapena zehatza da: pandemiak osasunari eragindako ondorioen kontrako borroka eta haren ondorio sozioekonomikoak ezin dira bereiz hartu, eta lehentasun osoa eman behar zaie lehendik gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan zeuden pertsonei, haurrei batik bat. Horrez gain, egoera zaurgarrian dauden eta beren ardurapean haurrak dituzten familiek hornidura energetiko duintasunez eskuratzeko aukera izan dezaten, bonu soziala eskuratzeko formula malguagoak aurkitzeko eskatu du erakundeak, eta hornidura etetea debekatu behar dela gaineratu du.
Save the Childreni buruz
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.
Espainian, duela 20 urtetik baino gehiagotik ari da lanean, haur ahulenak artatzeko programekin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Espainian dituzten programen bidez, arreta integrala eskaintzen diete haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasun mailarik handiena lortu ahal izatea.
Informazio gehiago:
Marta García Terán, Komunikazioa Euskadin: marta.garcia@savethechildren.org