West Darfur - Proyecto Agencia Vasca de Cooperación 2022

Haurren osasuna eta nutrizioa Sudanen

2021-2022an, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin lanean ari gara Sudanen, Mendebaldeko Darfurko gatazken ondorioz lekualdatutako pertsonek ura, saneamendua eta higienea eskuratzeko beharrei erantzun humanitarioa emateko.  Herrialde osoko 124 osasun-zentrori laguntza ematen ari gara, besteak beste, oinarrizko sendagaiak, ekipamenduak eta medikuntzako eta laborategiko materiala hornituz, baita babes-materiala ere; horrez gain, osasun-zentroen errehabilitazioan eta uraren eta elektrizitatearen horniduran ere laguntza eskaini dugu, arretaren oinarrizko kalitatea bermatzeko.

 

Sudanen, Ag Geneina hiriko elkarguneetan osasun-zerbitzuak eta nutrizio-zerbitzuak etengabe ematea beharrezkoa dela jabetu zen Save the Children. Izan ere, inguru horretan daude gatazkaren ondorioz lekualdatutako pertsona gehienak (lekualdatutakoen % 91), eta laguntza horren bidez, haur guztiek duintasunez bizitzeko aukera emango dieten ur-, higiene-, osasun- eta nutrizio-zerbitzu egokiak izatea eta, bide batez, sexu-indarkeria, indarkeria fisikoa eta esplotazioa jasateko arriskua murriztea lortu nahi da.

Ag Geneina hiriko lau zentrotan lan egiten dugu (Al Sadaga, Al Mustagbal, Elemam Elkazim eta Al Thawra), gatazkaren ondorioz lekualdatutako pertsonen higiene-egoera hobetzeko. 2022an, 4 osasun-instalaziotan eskaini dugu gure laguntza, osasunaren eta nutrizioaren arloko lehen mailako arretako doako zerbitzuak eskainiz, bai eta bigarren mailako osasun-arretara bideratzen dituzten pazienteei lagunduz ere. Lau zentro horietan, gainera, lehen mailako arretako eta nutrizioko zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, hala nola kontsultak eta tratamenduak, eta oinarrizko sendagaien doako hornidura eta oinarrizko laborategiko analisia ere eskaintzen da; bai eta ugalketa-osasunerako arreta, jaioberrien arreta, jaio aurreko eta ondorengo arreta nahiz familia-plangintza ere; txertoak eta immunizazio-programa hedatuaren barneko zerbitzuak; bendajeak; laguntza psikosoziala; ahoko errehidratazio-terapia; eta konplikaziorik gabeko desnutrizio akutua duten haurrentzako nutrizio-zerbitzuak (Programa Terapeutiko Anbulatorioa eta Elikadura Terapeutiko Gehigarriaren Programa).

Gainera, Save the Childrenek osasun-langileak prestatzen ditu (Osasun Ministerioak enplegatzen ditu), eta pizgarriak eskaintzen ditu lehen mailako osasun-zerbitzuen kalitatea eta segurtasuna bermatzeko, amen eta haurren osasuna barne; horrez gain, komunitatearen mobilizazioa, osasun-hezkuntza eta prebentzio-mezuak ere bultzatzen ditu.

Save the Childrenek larrialdietarako osasun-talde bat du Sudanen, eta herrialde osoan zabal daiteke osasun-erantzunak ezarri eta zuzentzeko, baita osasun-zerbitzu mugikorren eta aldi baterako kliniken bidez ere, edo orientazio tekniko osagarria emateko. Save the Childrenek COVID-19aren aurrean babesteko bakartze-zentro ugari ezarri ditu, eta horiei laguntza ematen jarraitzen du, langileentzako pizgarrien, ekipamenduen, horniduren eta prestakuntzaren eta aholkularitza teknikoaren bidez ere; COVAX aliantza 5 estatutan hedatzen lagundu du, eta COVID-19 gaitzaren arloan arriskuen komunikazioko eta parte-hartze komunitarioko jarduerak gauzatu ditu.